ELAk espetxeetan errepresioa areagotzen ari dela salatzen du

2004/03/18

ELAk salatu egin nahi du gaixorik dauden bi preso (Joseba Sein Narbarte eta Koldo Elizetxea Imaz) Martuteneko espetxetik Euskal Herritik kanpo dauden kartzeletara eraman dituztela. Alabaina, bi kasuetan espetxeko mediku-zerbitzuek lekualdatzearen aurkako aholkua emana zuten, presoen tratamenduaren kaltetan izan baitaiteke. Lekualdatze biok espetxeetan ezarri den erregimenaren beste adibide bat dira: irizpide profesionalei eta espetxeetako tratamenduari erabaki politikoak gailentzen zaizkie, zigorrak betetzeko legeak ere urratuagatik.

Egoera honen beste adibidea: joan den ostiralez prozedura oro bazter utzirik Langraizko espetxeko tratamendu-batzordeari ezarri zitzaion agindua, zeinaren arabera ETArekin zerikusia duten presoei gradua aldatu eta erregimena zorroztu egiten zitzaien. Honetarako argudioa, Madrilgo sarraskiaren egilea zalantzarik gabe ETA izan zela; agindua ez betetzekotan batzorde hortako kideak zigortuko zituztela mehatxatu zitzaien. Egun, ETAk Madrilgo sarraskian ardurarik ez duela gauza jakina den arren, Espetxeetako zuzendaritzak bost preso horientzko gradu gogorragoa mantentzen du.

ELAren irudiko, hauteskunde espainolen ostean osatuko den gobernuak goitik behera aldatu beharreko beste gauza batzuren artean espetxe-politika dago; lehen urratsa errepresioaren areagotzea geldiaraztea litzateke, eta espetxeetan preso daudenen eskubideak aintzat hartzeko printzipiora itzultzea.