ELAk Estatu indarkeri kasu berrien aurrean ikerketa penal eta politikoa eta ardurak garbitzea eskatzen du

Azken egunotan, egunkariek argitara ekarri dute 1989an Herri Batasunako kideen aurkako bonba-pakete bidalketak espainiar estatuko aparatuen eta Barne Ministerioko arduradun nagusien aginduak jarraituz egin zirela. Bidalketa haietako batek eztanda eginda Jose Antonio Cardosa, Errenteriako gazteak bizi galdu zuen. Plazaratu diren dokumentuek zantzu argiak eskaintzen dituzte hilketa hura eta Herri Batasunako kideei bidalitako gutxienez beste hiru bonba-paketeren atzean 1988 eta 1993 artean Espainiako Barne Ministro izan zen Jose Luis Corcuera egon zela. Baita Estatuko aparatuek gertaturikoa estali nahi izan zutela eta bonba-pakete haien ardura ETAri egotzi nahi izan ziotela.
ELAk Estatu indarkeria kasu berri hau gogor gaitzesteaz gain, beste behin eskatzen du gertaera larri hauen gaineko ardura penal eta politikoa izan dezaketen guztien inguruko ikerketa abian jar dadila. Horrela eskatzen dio fiskaltzari, baita Euskal Herrian ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei ere.
Sindikatuari kezka eta harridura berezia sortzen dio Euskal Herriko arduradun politiko eta alderdi gehienen isiltasunak, baita komunikabide gehienenak ere, modu berezian Gasteiz eta Iruñeko gobernuetako goi arduradunena. ELArentzat deigarria da kasu batzuetan zoru etikoaren edota indarkeriaren aurka adierazten eta eskatzen den irmotasuna eta plazaratu berri diren gertaeren aurrean gordetzen ari den isiltasuna. Are larriagoa kontuan izanik gertakariak izan ziren momentuan arduradun politiko nagusiak PSOEkoak zirela, egun Nafarroako Gobernuko alderdi nagusia eta Eusko Jaurlaritzaren koalizio eta gobernukide.