ELAk Estatuko Administrazioari auzia jarri dio Auzitegi Nazionalean askatasun sindikala urratzeagatik

2019/07/31
CCOO, UGT, CSIF eta CIG sindikatuek Estatuko Administrazio Orokorraren Pertsonal Laboralarentzako hitzarmen kolektiboa sinatu zuten (40.000 langile)

ELAk aurka egin dio Estatuko Administrazio Orokorreko Pertsonal Laboralarentzako IV Hitzarmen Kolektibo Bakarrari, estatu-esparruko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik.

Aipaturiko hitzarmen kolektiboa Estatuko Administrazio Orokorrak eta CCOO, UGT, CSIF eta CIG sindikatuek sinatu dute arestian, eta haren bidez Estatuko Administrazio Orokorreko 40.000 bat langileren lan-baldintzak arautzen dira.

Hitzarmen horren ondorioz 37,5 orduko lanaldiari eutsiko zaio, galdutako eros-ahalmena ez da berreskuratuko, eta ez da benetako konpromisorik hartu enpleguaren galera etengabeari eta zerbitzuen kanporatzeari aurre egiteko.

Gainera, inpugnatu den hitzarmen kolektiboak negoziazio-ahalmenak aitortu dizkio Hitzarmenaren Interpretazio eta Aplikazioaren Batzorde Parekideari. Baina batzorde horretako partaideak akordioaren sinatzaileak baino ez dira; ez daude beraz pertsonal laboralaren baldintzak negoziatzeko ahalmena duten erakunde guztiak.

Akordio berriaren xedapen batzuen ondorioz ELA bazter batera utzi dute praktikan hainbat gairen negoziaziotik, nahiz eta horretarako ahalmena edo zilegitasuna izan, pertsonal laboralaren lan-baldintzak erabakitzen diren esparruetatik at geratu baita. Eta beraz, ELAren askatasun sindikalaren eskubideak urratu dituzte. Halaber, Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia finkatua ere hautsi da.

Horregatik, ELAk auzia jarri dio Estatuko Administrazio Orokorrari, Auzitegi Nazionalaren aurrean, askatasun sindikalaren kaltetan doazen artikuluak deuseztatzeko eskatuz.