ELAk Estatuko justiziaren mahai sektoriala utzi du
ELA sindikatuak Espainiako Gobernuaren dekretu baten bidez Erregistro Zibilaren pribatizazioa arbuiatzen du. Gainera, premiazko arrazoiak erabili ditu Madrileko Gobernuak oso bestelako gaiak tartekatuz: “banku depositoak, armadaren lanpostuen sormena, Picasso erakusketa baten ekitaldiak, hotelei buruzko neurriak...”. Horiek denek ez dute batere zer ikusirik betidanik dohainik izan den justiziaren zerbitzu publikoarekin.
Gobernuen jokaera maltzur honek lanpostuak suntsitzea, negoziazio kolektiboa ekiditzea, eztabaida parlamentarioa sahiestea eta pribatizazioa ezkutatzea besterik ez du bilatzen, oso ondorio larriak ekarri dituelako norbanaren datu asko esku pribatuetan uzteak.
Lege Organikoaren erreformari buruzko ustezko negoziazioa erabat faltsua izan dela salatzen du ELAk, “lan talde” baten bidez, negoziazio baten simulazioa besterik ez delako izan. Testuan agertzen den ereduari buruzko eztabaidari uko egin dio Gobernuak, eta horrek aldez aurretik bide guztiak itxi egin zituen. Ez zuten alegaziorik onartzen, eta orduan mahai orokorraren deialdia alferrik izan da. Justizia publikoa, dohainik eta deszentralizatu eredu baten aurkako eraso hutsa pairatzen ari gara, ELAren ekarpenak onartu gabe eta justiziaren kontzeptu zentralista bat inposatuz. Eskuduntza autonomiko guztiak urratzen ari dira (Nafarroako baliabide historikoak barne), eta indarrean dagoen araudia erabat okertzen du.
Erreforma hau eraso orokor baten barnean kokatu behar da (Tasen Legea, Erregistro Zibilaren pribatizazioa, Justizia Unibertsalaren suntsiketa...), eta hemendik aurrera bide horretan segituko dute (Lege Organikoaren erreforma, Doaneko Justizia...). Horren atzean dago Gobernuaren asomo maltzur bat: Justiziarako eskubidea oztopatzea eta zerbitzu publikoa desagerraraztea.
Gauzak horrela, ELA sindikatuak Mahai Sektoriala utziko du eskubideen aurkako eraso honi zilegitasunik kentzeko asmoan. Gainera, langile publikoaren kontrako neurriak dira eta horri guztiari aurre egiteko mobilizazioa besterik ez zaigu geratzen. Horretarako, ELAk dei zabal bat luzatzen die gainontzeko sindikatu zein eragile sozialei.