ELAk eta CCOOk Bizkaiko autoeskoletan deitutako grebaren lehen egunak jarraipen zabala izan du

2020ko urrian, sindikatuek eskatuta, Bizkaiko autoeskolen negoziazio-mahaia ireki zen, sektoreko azken hitzarmena amaitu zenetik 11 urte igaro ondoren. Baina, hainbat bilera egin arren, langileek erantzun egokirik jaso gabe jarraitzen dute, patronalak egin duen eskaintza bakarra dagoeneko behartuta dagoen lege- eta jurisprudentzia-eguneratzeak igortzea izan baita.Patronalaren blokeoaren aurrean, ELAk eta CCOOk mobilizazio-dinamikari ekin diote. Gaur auto karabana egin dute, eta bigarrena ostegunean, ekainaren 10ean izango da.
Sektorea duintzeko, profesionalizatzeko eta sektorearen aldeko benetako apustua egiteko, ezinbestean erregularizatu eta duindu behar dira gero eta prekarioagoak diren lan- eta soldata-baldintzak. Horregatik, sektoreko langileen kolektiboak aurrerapenak eskatzen ditu, batez ere honako alderdi hauetan:
-
Soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taulak ezartzea. Ia autoeskola guztiek, irakasleen kasuan, hitzarmenaren araberako soldata ofizialak modu irregularrean ordaintzen diren kopuruekin konbinatzen dituzte. Eta irakasle ez diren langileak, batez ere administrazioko langileak eta nagusiki emakumeak, urtean 1.000 euro gordinera ozta-ozta iristen dira.
-
Lanaldia murriztea irakasle ez diren kolektiboentzat, generoen arteko aldea murrizteko. Urrats garrantzitsuak irakasleekin parekatzeko, asteko 35 orduei begira.
-
Ordutegiak arrazionalizatzea, hauek gaueko 21:00etatik aurrera luzatu daitezke sektore honetan, egunero 11 ordura arteko lanaldiekin eta larunbatetan lan egitea barne.
-
Erretiro partziala bezalako neurriak, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetuko dutenak.