ELAk eta LABek bilera eskatu diote lehendakariari 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko
Confebask patronalak hirutan itxi dio atea LGSri buruzko negoziaketa irekitzeari. Eusko Jaurlaritzaren eta Lan Saila zuzentzen duen PSE-EEren bultzadaz, 145.000 sinadura jaso zituen herri-ekimen legegilea izapidetzea eta eztabaidatzea debekatu zuen Eusko Legebiltzarrak. Erabaki antidemokratiko eta autoritario horien aurrean ELAk eta LABek, beste sindikatu eta eragile batzuekin batera, greba orokor arrakastatsua egin zuten martxoaren 17an.
Ekimen hauek guztiek argiro erakutsi dute euskal herritarren artean gutxieneko soldata propio baten aldeko babes zabala eta hasteko 1.500 eurotan ezartzeko adostasuna dagoela. Bada garaia EAEko lehendakari Imanol Pradalesek ere dagokion lidergoa har dezan eta patronalari aurre egin diezaiola, elkarrizketari ezarri dion betoa gainditzeko. Era berean, Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJ eta PSE-EEk, Legebiltzarrean emandako ezekoaren norabidea aldatzeko lan egin beharko lukete.
Patronalak langile prekarioak nahi ditu, are diru gehiago irabazi ahal izateko, eta EAJk zein PSE-EEk nahiago dute euskal langileei espainartasuna inposatu, haien bizi-baldintzak hobetzea baino. EH-Bildu prest agertu da Espainiako Kongresuan LGSren aldeko ekimena sustatzeko eta, publikoki ekimena babestuko duela adierazi arren, ikusteke dago EAJk azkenean babestuko ote duen. Bada, EAEko kargu instituzional nagusiak, lehendakariak, herritarren nahiari bide emateko LGSren aldeko ekimen politiko zehatzak jarri behar ditu martxan.
Mobilizazio-ziklo indartsu baten ondoren, ELA eta LAB hainbat eragilerekin biltzen ari dira LGS propioa gauzatu ahal izateko. Harreman horien artean, Imanol Pradales lehendakariari ere eskatu diote datozen asteetan LGSri buruzko bilera monografiko bat izateko. Bilera horretan, LGSren aldeko ekimen zehatzak abian jartzeko eskatu ez ezik, Mikel Torres lehendakariorde eta Lan sailburuari kargu hartzea ere eskatuko diote EAEko sindikatu nagusiek; izan ere, hark uko egin dio ELArekin eta LABekin biltzeari eta, gainera, mehatxu egin baitie Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parte hartzen ez dutelako eta bertan Eusko Jaurlaritzaren politika neoliberalak zuritu nahi ez dituztelako.
Azkenik, ELAk eta LABek argi utzi nahi diote lehendakariari ez dutela amore emango LGS propioa lortu eta, hasiera batean, 1.500 eurotan ezarri arte.