ARABAKO ERRESIDENTZIA ETA ETXEBIZITZA KOMUNITARIOAK
ELAk eta LABek deitutako greba egunak jarraipen zabala izan du

ELA eta LAB sindikatuek grebari buruz egiten duten balorazioa positiboa da; izan ere, lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzeko 37 greba egunen ondoren, eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoak gorabehera, langileek grebarekin bat egiten jarraitzen dute. Hala ere, azpimarratzekoa da egoitzen sektore prekarizatu, migratu eta feminizatuan balioespenek kuantitatibotik harago joan behar dutela.
2024 urteko bostgarren greba eguna da gaurkoa, aurreko astean ospatutako negoziazio mahaian patronalak egindako proposamen eskasari erantzunez. ELAk eta LABek salatu dute negoziazioak aurrera ez duela egiten eta sindikatuei helarazitako azken proposamena nahikoa ez izateaz gain, langileak prekaritatean betikotzea bilatzen duela.
Aurreko greba deialdietan bezala, pentsiodunen mugimenduarekin, senide taldeekin eta mugimendu feministarekin batera egindako lana goraipatu behar da. Lan gatazka izateaz gain, soziala eta politikoa ere badenez, herritar guztien inplikazioa eskatzen du.
Goizeko 11:00etan elkarretaratzea egin dute diputazioaren aurrean. Arratsaldean, manifestazioa abiatuko da Gasteizko Babesgabetuen plazatik, 18:00etan, Diputazio plazaraino, non ekitaldi bat egingo den.