Nafarroako kimika sektorea

ELAk eta LABek elkarretaratzea egin dute CEN patronalaren aurrean hitzarmenaren alde

2024/03/01
Estatalizazioarekin eta horrek dakarren prekarietatearekin amaitzeko garaia da.

Nafarroako Kimika Hitzarmena bultzatzeko hainbat bilera egin ondoren (sektoreko langileen aldarrikapen historikoa da), ELA eta LAB sindikatuok akordio bat lortu genuen CEN patronala deitzeko, negoziazioari ekiteko aukeraren inguruan duten jarrera ezagutzeko. Bilera horretan jakinarazi genuen zenbait batzorde eta enpresetako ordezkariek aldarrikapenarekin bat egiten zutela, UGTkoak barne kasu batzuetan.

Aipatzekoa da sindikatuen arteko bileretara UGT eta CCOO sindikatuak ere deitu zirela, eta deialdiari jaramonik egin gabe, Nafarroako Kimika Hitzarmena aldarrikatzearen aurka publikoki agertu ziren ondoren. Gogora dezagun EAEn sindikatu arteko deialdiarekin bat egin zutela eta sektorerako hitzarmen autonomikoa babesten dutela UGTk eta CCOOek EAEn.

ELAk eta LABek hainbat bilera egin ondoren, CENek ez zuen hitzarmen berriaren negoziazioari ekiteko konpromisorik hartu, eta hainbat enpresatan testeo txiki bat egiteko "konpromisoa" hartu zuen, denborak zehaztu nahi ez baditu ere. Horrela, Estatuko hitzarmenaren baldintzei eutsi zien: soldata txikiak, lanaldi luzeak eta eskubide gutxi.

Gaurko egunean, ELAk eta LABek elkarretaratzea egin dugu CENen egoitzaren aurrean, alde guztiek, patronalak, UGTk eta CCOOk, sektorearen aldarrikapenari erantzun diezaioten. Argi izan dezatela lanean jarraituko dugula lan baldintzak Euskal Herrian eta, beraz, baita Nafarroan ere negoziatu ahal izateko.