ELAk eta LABek gehiengo demokratikoen errespetua exijituko dute Lehendakaritzaren aurrean

Gaur goizean ELA eta LABeko ordezkariek agerraldi publikoa egin dute mobilizazio hau aurkezteko. ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk lortutako akordioak gehiengo demokratikoak hausten ditu. Patronalari mesede egiten dion eskrupulurik gabeko erasoa da. Erabaki honetan Eusko Jaurlaritza eta patronala eskutik doaz. Bat datoz euren interesetan: soldaten jaitsiera eta lan prekarietatea handitzea bilatzen dute. Badira Eusko Jaurlaritzan patronalaren ordezkariak balira hitz egiten duten lagunak”.
“ELAk –gaineratu du– ez dio patronalari bake soziala bermatuko. Gure helburua Euskal Herriko langile klasearen lan baldintzak hobetzearen alde borrokatzea da. Horretarako langileen gehiengo zabal baten babesa dugu. Hauteskundez hauteskunde irailaren 20ko manifestazioa deitzen dugun sindikatuok lortzen dugun babesa horren lekuko da”.