kabia (Gipuzkoako Foru aldundia)

ELAk eta LABek azken sententzia euskarafoboa salatu dute

2025/05/09
ELA eta LAB sindikatuek kontzentrazioa egin dute Donostiako Gipuzkoa Plazan, KABIAN, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitakoa organismo autonomoan, euskararen normalizazioaren aurkako erasoak eten daitezen eta herritar zein langileen hizkuntza-eskubideak defenda daitezen eskatzeko. Azaldu dutenez, justiziak organismo horren aurkako sententzia euskarafobo bat berretsi dut. Izan ere, 2024ko urrian, Donostiako epaile batek baliogabe utzi zituen KABI erakundeko euskara eskakizunak. Bada, orain, EAEko Auzitegi Nagusiak sententzia hori berretsi du. Auzitegiak ez du onartu Gipuzkoa Foru Aldundiak epai horren kontra aurkeztutako helegitea. KABIA Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuari atxikitakoa organismo autonomoa da, adineko eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen dena. Egoitza ezberdinak ditu Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zumaian.

Sindikatuek gertatutakoa salatu dute. “Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu geroz eta bortitzagoa den oldarraldi judizialaren baitako sententzia hau, milaka herritarren hizkuntza-eskubideak, hizkuntza berdintasunera bidean egindako lana, eta, azken buruan, herri borondatearen isla den jardun normalizatzailea kolokan jartzen dituelako”, kexu dira.

Bereziki larria da, diote, egoera zaurgarrian dauden herritarren eskubideak direlako kasu honetan urratuko direnak, KABIAko adineko eta menpekotasun egoeran dauden erabiltzaileenak. “Jakina baita norbere hizkuntzan zaindua izatea dela ongizate eta zaintza duin baterako oinarrizko baldintzetako bat”, azaldu dute.

Are gehiago, salatu dute erabiltzaileen eskubideez gain, langile askoren bizi jardunak direla epai honek urratu dituenak. Izan ere, asko izan dira zaintza duin bat eskaintzeko beharrezko euskara maila erdiesteko ahalegina egin duten langileak, nahitaezko baldintza modura ulertzen dutelako, eta, orain, ahalegin hori hutsaren hurrengo lekuan utzi du sententziak.

Hala, ezinbestekoa da oldarraldiari aurre egiteko konpromiso eta neurri ausartak hartzea epaitegietatik ezartzen diren oztopoen gainetik. Dagokion zentralitatea eman behar zaio hizkuntza auziari eta euskararen gaia lehen lerrora ekarri, gizartea erdiz erdi zeharkatzen duen lehen mailako auzi politikoa delako.

Gogorarazi beharra dago kontseiluak, LAB eta ELA sindikatuekin batera, administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamen errealista eta egingarria aurkeztu zuela. Gainera, azken hilabeteetan zehar legelari adituek, Kataluniako zein Galiziako ereduak aintzat harturik, egungo hizkunta-eskakizunen eta derrigortasun-indizearen markoa gainditzeko proposamena aurkeztu dute. “Gaztelera ezin da izan enplegu publikorako obligaziozko hizkuntza bakarra. Hizkuntza-berdintasuna bermatu beharra dago”, baieztatu dute.

Era berean, babes osoa helarazi nahi diote Kabia Foru Organismo Autonomoari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, “sententzia euskarafobo, erreakzionario eta atzerakoi honen aurrean helegitea jarri eta prozesua azken bururaino eramateko”.