Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioak

ELAk eta LABek greba deitu dute apirilaren 9an eta 10ean lehen hitzarmena lortzeko

2025/04/01
ELAk eta LABek proposamena eman diote Aldundiari, beren lehen testuari erantzunez. Sindikatuek ez dute onartuko langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko ez dituen hitzarmenik.

Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortzeko 6 urte baino gehiagoko gatazkaren ondoren, joan den astean lehen aldiz Arabako Foru Aldundiaren proposamen bat jaso zuten ELAk eta LABek. 40 greba egun baino gehiago behar izan dira, azkenean, administrazio publikoek uler zezaten gatazka honetan interpelatuta daudela eta konponbidearen parte izan behar dutela.

Proposamenak soldatak eta lanaldia baino ez ditu aipatzen. Beraz, negoziaziotik kanpo uzten ditu beste aldarrikapen guztiak, besteak beste, lan-osasunaren prebentzioa, behin-behinekotasuna, bajen osagarria eta atsedena. ELAk eta LABek uste dute proposamen hau partziala eta eskasa dela, baina bide onetik doala, eta patronalak direla Aldundiak mahai gainean jarri duena osatu behar dutenak. Alde horretatik, joan den astean kontraproposamen bat bidali zioten Aldundiari eta patronalei.

Sindikatuerk ohartarazi dute ez dutela “inoren presiorik edo xantaiarik onartuko”. Azken asteetan, Gizarte Gaietako Diputatuak hainbat elkarrizketatan adierazi du orain gatazkaren konponbidea sindikatuen esku dagoela. ELAk eta LABek nabarmendu dute kontakizun faltsua sortu nahi dutela, eta pilotak 6 urte baino gehiago daramatzala Aldundiaren teilatuan. Administrazio publikoak, patronalak bezala, Arabako egoitzen egoeraren erantzule dira, non lan-baldintzak oso prekarioak diren. Sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituen Arabako lehen hitzarmena lortu behar da egoitza eta etxebizitza komunitarioetan.

Hitzarmenaren aldeko borroka bide horretan, ELA eta LAB sindikatuek greba deialdiekin jarraituko dute: apirilaren 9an eta 10ean beste bi greba egun deitu dituzte, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen lehen hitzarmena lortzeko.