ELAk eta LABek Hobetuzen presidentzia sindikaletik dimititzeko asmoa jakinarazten dute

2006/10/11
Confebask patronalak eragindako likidazio egoeraren ondorioz, ELAK eta LABek Hobetuzen presidentzia sindikaletik dimititzeko asmoa jakinarazten dute. Hau da bi sindikatuek prestaturiko dokumentua.

- Orain dela egun batzuk, ELA eta LAB sindikatuok salatu genuen HOBETUZen sortutako likidazio egoera, CONFEBASK patronalak hartutako erabakiak eraginda; izan ere, CONFEBASKen erabaki horren ondorioz, HOBETUZen estruktura teknikoak ezin du esku hartu Eusko Jaurlaritzaren aginduen kudeaketan, prestakuntza iraunkorraren alorrean.

- Patronatuak urriaren 10ean egin behar zuen bileran, bere jarrera hausnartu beharrean, CONFEBASKek berretsi du HOBETUZ jarduerarik gabe uzteko duen asmoa, eta, beraz, itxierara eramateko. Hala eta guztiz ere, bere erabakitik ondorioztatzen diren erantzukizuna eta ondorioak saihestu nahirik, patronalak bilera eragotzi zuen, deialdian formako arazoak zeudela argudiatuta, deialdia beraren adostasuna jaso ondoren egin bazen ere.

- Orain arte bezala, CONFEBASKek ez du nahi HOBETUZek katalogatu gabeko prestakuntza-jarduerarik sustatu dezan, lanbide heziketako ikastetxe homologatuen bidez. Izan ere, CONFEBASK jaun eta jabe da gaur egun eremu horretan.

Arrazoia oso erraza da: prestakuntza iraunkorra beren negozio propio bihurtu dutenen negozioa eta interes korporatiboak eta partikularrak defendatzen ditu, euskal enpresen prestakuntza-beharren kaltetan. 2006an, estatuarekin sinatutako programa-kontratuen bitartez, 10 milioi euro kudeatzera iritsi daitezke (beste hainbeste UGTren eta CC.OOren artean).

- Azken zalantza izpiak argituz, garbi geratu da CONFEBASKek ez duela inolako interesik HOBETUZen garapenean, ezta kalitatezko prestakuntza iraunkorra bermatzeko baliabideak eskuratzean ere. Haren interes bakarra diru publikoa erabiltzea da: zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto; zenbat eta kontrol gutxiago, orduan eta hobeto.

- ELAk eta LABk oso larritzat jotzen dugu CONFEBASKen jokabidea, zeren ezinezko bihurtzen baitu fundazioaren hiruko funtzionamendua; halaber, erabat oztopatzen du prestakuntza iraunkorreko eredu propioaren garapena, 1995ean erakunde horrek ere sinatu eta HOBETUZ sortzera eraman zuen Lanbide arteko Akordioan erabaki zena zapuztuz.

- Horrenbestez, eta CONFEBASKek sortutako egoera ikusita, ELA eta LAB sindikatuek HOBETUZen oraingo presidente Juan Cruz López-en DIMISIOA iragartzen dugu -orain arte beraren esku zegoen errotazioagatik parte sindikalari dagokion presidentzia-.

- Lakuak oso kontuan hartu behar ditu CONFEBASKen jarrera lotsagarria eta planteamendu onartezina. Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizunari eutsi behar dio, patronalaren xantaiaren aurrean inola ere amore eman gabe.

- ELAk eta LABek berretsi egiten dugu kalitatezko prestakuntza iraunkor eta integraleko eredu propioarekin hartuta dugun konpromisoa, ekoizpen-sarearen eta langileen beharrei erantzun ahal izateko. Gure iritziz, Jaurlaritzaren lidergoa ezinbestekoa da, eta aipatutako norabidean lan egiteko prest gaudela adierazten dugu. Berriz ere gogoratzen dugu etorkizuneko apustu horretan HOBETUZEN estruktura teknikoaren laguntza izan behar dugula, zeren aktibo garrantzitsua baita fundazioaren hamar urteko jardunaren ostean.

- Hona hemen datu batzuk:



Prestakuntza-deialdien kudeaketarako Hobetuzek Estatutik jaso dituen fondoen bilakaera

Urteak

1.996

1.997

1.998

1.999

2.000

2.001

2.002

2.003

2.004

2.005

2.006

Zenbatekoak mil/€

5,84

23,21

27,64

30,05

9,31

9,5

9,69

9,88

0

0

0

Programa-kontratuak EAEn kudeatzeko Estatuak bideratu dituen zenbatekoak (Hobetuzen eremutik kanpo)

Urteak

2.004

2.005

2.006

Estatuko programa-kontratuak

7,10

15,8

19,02

(%50 Confebasken lurralde patronalek kudeatuta, %25 UGTk eta %25 CCOOk)