ELAk eta LABek Lanbiden 5 greba egun deitu dituzte

2016/09/13
Greba deialdia irailaren 21 eta 22rako eta urriaren 3, 4 eta 5erako egin da.

2011ko urtarrilean Eusko Jaurlaritak enplegu-politika aktiboak eskuratu eta Lanbide euskal enplegu zerbitzua sortu zenetik erakunde honen kudeaketa negargarria izan da; bost urte igaro direlarik, zerbitzuko langileok eta herritarrok administrazioak hartutako erabaki oker eta kaltegarrien ondorioak pairatzen ari gara.

Urtebete eskas igaro da Jaurlaritzak gaizki neurtutako lanpostu-zerrenda bat inposatu eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin akordioa sinatu zuenetik; akordioak hainbat kontu aidean utzi zituenez, lan gatazka berriro lehertu da.

Zerbitzua taxuz ematea oso zaila da, hainbat arrazoirengatik: Esleitu zaizkion zerbitzu guztiak behar bezala eskaintzeko hornituta ez egotea, antolakuntza-irizpide argien gabezia -areago plantilla ia erdia lekuz aldatu dutenean-, langile kopuru urria eta hauen ezegonkortasuna… herritarrentzako arreta soilik beharginen inplikazioa eta lana medio ateratzen da aurrera. Gainera, gobernu honek zerbitzuak esternalizatzeko joera kezkagarria erakutsi du.

Gainera, orain 190 bat orientatzaile kaleratu eta ordezkatzea gehitu daiteke, hots, Lanbideren bost urteko ibilbidean lan-orientazioa egin izan duen kolektibo ia osoa. Erabaki honek berez aski larri zebilen enplegu-zerbitzua hankaz gora jar dezake.

Eusko Jaurlaritzak badakien arren egoera zein den, eta galdegin izan diogun arren zerbitzuaren kalitatea bermatu eta Lanbideri egonkortasuna eman diezaiola, honi buruzko bilera ugarietan ez dugu erantzunik jaso, eta langileei aukera bakarra utzi die, atzera ere mobilizaziora jotzea.

ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio plantillaren lan-baldintzak errespeta ditzala eta euskal enplegu zerbitzu kalitatezkoa eta egonkorra ziurtatzeko behar diren erabakiak har ditzala.