Gutxieneko soldataren lanbide arteko akordioa

ELAk eta LABek Nafarroako negoziazio mahaia deituko dute berriro, CEN, UGT eta CCOO agertu ez direlako

2025/02/11
Patronala, UGT eta CCOO ez dira gaurko bilerara joan deialdian akats formalak zeudela esanez, nahiz eta behar bezala egina izan eta bertaratuko zirela baieztatua zuten aurretik.

ELAk eta LABek deituta, gaur bilera bat aurreikusita zegoen Nafarroarako lanbide arteko gutxieneko soldata finkatzeko lanbide arteko akordio baten negoziazio mahai sortzeko. Bileran CEN, UGT eta CCOO zeuden deituta.

Azkenean, bilera ez da egin. Bilera hasi baino minutu batzuk lehenago, CENek eta UGT eta CCOO sindikatuek uko egin diote parte hartzeari deialdiko akats formalak aipatuz, nahiz eta bileraren deialdia behar bezala egin zen eta bertan izango zirela baieztatu zuten aurretik.

Egoera honen aurrean, ELAk eta LABek Lanbide arteko Akordioaren negoziazio mahairako beste deialdi bat egitea erabaki dute, Nafarroarako gutxieneko soldata propioa lortzeko.