ELAk eta LABek negoziazio mahai orokorra utzi dute, Osakidetzan eta Irakaskuntzan negoziazioei berriz ere ekin arte

2008/01/17
Urtarrilaren 17an egindako mahai orokorraren bileran ELAk eta LABek Osakidetzan eta Irakakuntzan negoziazioak irekitzea exijitu diote Jaurlaritzari. Gainera, gutxiengoan sinatzen diren akordioen eta dekretu bidezko inposizioak kritikatu dituzte bi sindikatuek. Mahai honetan Gobernuaren menpe dauden alor ezberdinetako 65.000 langileren baldintzak arautzen dira. Mahaian honako testu hau irakurri da:

NEGOZIATZEKO ESKUBIDEA

Eusko Jaurlaritzak menperatu menperatzailearen jokabidea areagotzen ari da urterik urte, negoziaziorako eskubideak urratuz lan baldintzak dekretuz inposatzen dituelarik.

Azken urteetan Mahai Orokorraren negoziazioetan mehatxu izan dena gauzatu ere egin izan du: Lan baldintzen negoziazioen arau etikoei uko egin die eta, eta bere markoetatik atera ondoren dekretuz inposatu izan ditu. Eremu honetan 2005 eta 2006an gutxiengo sindikalaren onespenarekin eta 2007an bere aldetik, lan baldintzen dekretua ezarri izan du. Aipagarria da ikusi berri dugun Osakidetzako kasua.

Lehendabizi Madrilen inposaketaren gatibu direla esaten digute, negoziaziorako marjina eskasa dutela alegia. Halere, akordiorik egonez gero, proposamena hobetzeko ahalegina egin dezaketela diote. Hau da, «Guk nahi dugun parametroetan negoziatzen ez baduzue, Madrildik inposatutakoa dekretuz inposatuko dizuegu».

Benetan bitxia, hiru probintzietako Jaurlaritzaren jarrera paternalista, negoziatzeko eskubidea ukatzen duen bitartean, «Erabakitzeko Eskubidea» bera bere ikur egiten duenarena. Negoziatzeari buruz duen jarrera nabarmena da urterik urte: Madrilekin negoziatu ahal izatea aldarrikatzen duen bitartean, euren txokoan ukatu. Eta lan baldintzak negoziatzeaz hitz egiten hasiz gero ere, ederki asko gelditu dira agerian euren soldatak –alde bateko dekretuz ere- igo dituztenean.

Hau guztia kontutan edukita, eta negoziazioen edukietan ere sartu gabe, hauxe da ELAk eta LABek aldarrikatzen duguna: Benetako negoziazio eskubidea, alde bateko dekreturik ez!

Beraz dekretuz eta inposizioaren bitartez itxitako Mahai Sektorialak, Osakidetza eta Irakaskuntza hain zuzen ere, berriz irekitzea exijitzen dugu, benetako Negoziazio Kolektiboa bermatzeko