ARABAKO ERRESIDENTZIAK
ELAk eta LABek oso positibotzat jo dute greba eguna
ELA eta LAB sindikatuak pozik agertu dira grebak izan duen jarraipenarekin; izan ere, 38 greba egunen ondoren, eta oztopoak oztopo, sektoreko langileek kalera ateratzen jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzak %70eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu berriz, grebarako eskubidea urratuz.
Langileek salatzen dute hitzarmena negoziatzeko mahaia blokeatuta dagoela, enpresek borondate gutxi dutela gatazka konpontzeko eta Arabako Foru Aldundiak lan baldintzak hobetzeko duen immobilismoa.
Goizeko 11:00etan elkarretaratzea egin dute Aldundiaren aurrean. Arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da Desamparadasetik 18:00etan. Bertan, langileek sektoreak pairatzen duen prekaritate egoera eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitate eskasa salatzen jarraituko dute. Pentsiodun mugimenduaren, senideen eta mugimendu feministaren babesa eta elkarlana azpimarratzen dute sindikatuek.