Gutxieneko soldata propioa
ELAk eta LABek uste dute Eusko Jaurlaritzaren proposamena ez dela nahikoa

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldata propio bati buruzko azterlan bat aurkeztu du elkarrizketa sozialeko mahaian. ELAk eta LABek ez dute esparru horretan parte hartzen eta, beraz, oraindik ez dute jaso dokumentua. Hala ere, ostiral honetan, uztailaren 18an, Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira, dokumentua jasoko dute eta balorazio sakonagoa egin ahal izango dute.
Bitartean, eta aditzera eman den bezala, Eusko Jaurlaritza Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa lantzen ari da, baina ELAren eta LABen arabera, zifra horiek ez datoz bat hemengo bizimoduaren kostuarekin, eta, beraz, ez lieke erantzungo langileen benetako premiei. Sindikatuek ezinbestekotzat jotzen dute gutxieneko soldata handiagoa izatea. Hala ere, eta argitara eman den informazioa kontuan hartuta, sindikatu biek hiru elementu nabarmentzen dituzte:
Lehenik eta behin, frogatutzat jo dute Euskal Herriak Espainiako Estatuak ezarritako gutxieneko soldata baino handiagoa behar duela.
Bigarren elementuak irismenarekin du zerikusia. Azterlanaren proposamena hitzarmena duten langileen gutxieneko soldatan oinarritzen da; sindikatuek, berriz, lanbide arteko gutxieneko soldata propioa eskatzen dute, herrialde horretako lan-harreman guztiei eragingo diena. Bestela, hitzarmeneko gutxieneko soldatak kanpoan uzten ditu egoera ahulenean dauden langileak: hitzarmenik ez dutenak edo Estatuko hitzarmen bat aplikatzen zaienak.
Eta, azkenik, zenbatekoa: publiko egin diren zifrek ez diete erantzuten gure herrialdeko langile klasearen benetako premiei, ezta bizitzaren kostuari ere.
Gauzak horrela, uztailaren 18an, ELAk eta LABek beren aldarrikapenak helaraziko dizkiote Mikel Torres sailburuari.