ELAk eta STEE-EILASek euskal eskola publikoa indartzeko kanpaina aurkeztu dute

2006/01/17

ELA eta STEE-EILAS sindikatuek euskal eskola publikoa indartzeko abian jarri duten kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Bilbon. Kanpainaren helburua da lan baldintzak hobetuz euskal eskola publikoa indartzea. Hau da, agerraldian bi sindikatuetako ordezkariek azaldutakoa.

STEE-EILAS eta ELA sindikatuok informazio eta sentsibilizazio kanpaina bat abian jarri dugu, EAEko hezkuntza sare publikoa eta bertan diharduten irakasleen lan baldintzei buruzkoa. Kanpaina ikastetxe guztietara eta irakasle guztioi zabaltzeko asmoa dugu.

EAEko eskola publikoek eta bertan lanean ari garenok administrazioaren utzikeriaren ondorioak pairatzen ari gara aspaldian. Izaera sozialeko hezkuntza-politikarik ez dago eta aurrekontuetan murrizketak gertatzen dira. Hezkuntzako arduradunen hitzak bestelakoak izan arren, Hezkuntzara zuzendutako BPGren portzentaia gero eta murritzagoa da urterik urte. Honek oztopatu egiten du ikastetxe publikoek era egokian aurre egitea sortzen ari diren behar berriei eta eragin guztiz kaltegarria dauka gure lan baldintzetan ere (nahikoa da gogoratzea, adibidez, irakasleok eta ikastetxeek nozitzen ditugun tenporaltasuna, behin behinekotasuna eta ez-egonkortasuna).

Gauzak honela, ikastetxe eta irakasleok nekez egin diezaiekegu aurre gizarteak eskatzen digun erronka eta eginkizun berriei (tutoretza, orientazioa, arreta pertsonalizatuagoa, hezkuntza behar bereziak, hezkuntza errefortzuak, ikasle etorkinen integrazioa&) Egunetik egunera gero eta ugariagoak dira gure lanak eta betebeharrak, gero eta ugariagoak dira batere konpentsaziorik gabe gure gain hartu behar ditugun eginkizunak. Honi guztiari hezkuntza arduradunen utzikeria erasten badiogu, ez da harritzekoa asperdura nagusitzea. Ematen duenez, irakasleen boluntarismoa inbertsioen eta baliabideen gabezia gainditzeko nahikoa izango dela uste du Administrazioak.

Bestalde, luzapen automatikoa dela-eta indarrean jarraitzen duen arren, aurreko hitzarmenaren iraunaldia 2003ko abenduaren 31 artekoa zen. Bi urte hitzarmena berritu gabe, beraz. Euskal Eskola Publikoko irakasleon arazo larriei erantzuteko balio beharko lukeen hitzarmena berritu gabe, hain zuzen ere.

STEE-EILAS eta ELA sinetsita gaude ezinbestekoak direla, Euskal Eskola Publikoaren geroa bermatzeko, besteak beste, milaka irakaslek pairatzen duten tenporaltasuna eta behin behinekotasuna murriztea; plantillak egonkortzea, berritzea eta gaztetzea; lan baldintzak hobetzea; hezkuntza sistema publikoa sendotzea, euskal eskola publikoaren hezkuntza eskaintza zabalduz eta sakonduz; ikastetxeen kudeaketa demokratikoa bermatzea eta zuzendaritza eginkizunak indartzea; hezkuntza sistema publikoaren hizkuntza normalkuntzan urrats gehiago ematea; azken finean, irakasle lana defendatu eta duindu behar da.

Baina jakin badakigu hezkuntza arduradunek gaur arte erabili dituzten irizpideak sakonki aldatzea eskatzen duten neurriak direlako irtenbideak ez direla etorriko sindikatuok mahai batean proposamenak defendatzeko izan dezakegun gaitasun soiletik, ezta pasibotasunetik eta etsipenetik. Aitzitik, uste dugu irakasleon esku hartzea eta mobilizazioa ezinbestekoak izango direla helburu horiek lortzeko.