ELAk etxebizitzaren gaian Eudelek duen jarrera salatu du

2004/05/04

Mikel Novalentzat, ELAko gizarte politikaren ardurarduna, Eudel ez da garbi jokatzen ari etxebizitzaren gaian. "Babes ofizialeko etxebizitzak ematerako orduan zozketa egitea beharrezkoa dela argi dago guztiontzat. Orain arte gauzak gaizki egin dira eta zozketaren aurka azaltzeak, justifikaziorik gabeko faboritismoetan sartzeko asmoa dutela adieraz dezake. Guzti honek ez du zerikusirik udal autonomiarekin; argi dago etxebizitzak ematerako orduan ez dela autonomia hau iruzur egiteko erabili behar". Horrez gain Novalek azpimarratu du Eudelen jarrera ez dela berria.

ELAren ustez etxebizitzaren inguruan Eudelek onartu duen dokumentuak, "eskubide sozialen aurka joateko eta egungo egoera defendatzeko (non gero eta gazte gehiagok ezin dute etxebizitza bat eduki), EAJ, EA, PSOE eta PPk bat egiten dutela argi uzten du. Ados jarri dira ere azpikontratazioen beharra defendatzeko, langileak prekarietatean, soldata bajuekin eta lan baldintza negargarrietan daudela jakin arren".

"Eudel babes ofizialeko etxebizitzen zozketaren aurka, adjudikazio zerrenda bakarra egotearen aurka edo babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lur gehiago egotearen aurka dago", salatzen du Mikel Novalek. Debate honetan jarrera antisozialagorik topatzea zaila da. Lurren liberalizazioa eta etxebizitza libreen alde babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza murriztea nahi duten enpresari elkarteekin bat dator Eudelen jarrera; hain zuzen ere, etxebizitza eskubide bat dela ahazten dutenekin eta higiezinen merkatuan aritzen direnen irabazien handitzea pentsatzen dutenekin.

Novalek gogorarazten du ELArentzako "Eusko Jaurlaritzaren jarduera etxebizitzaren inguruan oso mugatua dela, horregatik erantzunik jaso ez duten hainbat proposamen egin ditugu. Horregatik ez diogu Eusko Jaurlaritza ongi ari denik, Eudelen jarrera erabat baztergarria dela baizik".