ELAk Europako Sindikatuen bileran aldarrikatu du herri katalanak erabakitzeko eskubidea duela

2017/10/25
Gaur Bruselan izan den Europako Sindikatuen Konfederazioaren (CES) bileran ELAk aldarrikatu du Katalunia subjektu politikoa dela, eta erabakitzeko eskubidea zor zaiola. Sindikatuaren izenean Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak eta Laura Gonzalez Txabarri nazioarteko arduradunak hartu dute bileran parte, eta azaldu dute Katalunia eta Estatuaren arteko gatazka ez dela hasi irailaren 6 eta 7an Kataluniako parlamentuak hartu zituen erabakiekin. Arazoa lehenagotik dator, espainiar Estatuak behin eta berriz gutxietsi baititu herri katalanak era demokratikoan hartutako erabakiak.

ELAk nabarmendu du katalan herritarren %85aren iritziz eurei dagokiela Estatuarekiko izan behar duten harremana erabakitzea; zein izan da Estatuaren erantzuna? errepresioa eta justiziaren erabilpen instrumentala, herritarrak atxilotu eta demokrazia eragozteko. ELAk Estatuaren posizio hau Europan izan den beste kasu batekin alderatu du: Britainia Handiaren eta Eskoziaren arteko auziari eman zaion irtenbide demokratikoarekin. Eskozian bozkatu ahal izan zen, baina Katalunian Estatua indarrez sartu da hori bera galarazteko. Sindikatuaren ustez, “arazo” katalana ez da konponduko Kode Penala edota salbuespenezko legedia aplikatuta.

ELAk aintzat hartu du Katalunian garatu den mobilizazio sozial izugarria, eta azpimarratu du honek burujabetzarekin zein langileen bizitzarekin duen lotura.

Azkenik, euskal sindikatuko ordezkariek esan dute estatu batek bozkatzeko borondatea ukatu eta zanpatzen duenean, eta beste subjektu batek, Kataluniak, bere helburu demokratikoa gauzatu nahi duenean ezinezkoa dela ekidistantzia mantentzea. Arazoa espainiar Estatuan datza, hau zapaltzen ari baita era guztiz demokratikoan eta inolako bortizkeriarik gabe erabaki nahi duen herri bat.