ELAk euskal erakundeen politika neoliberala salatzeko kanpaina egingo du

2004/10/14

Neoliberalismoa berton dugu <p>
ELAk datozen asteotan kanpaina batekin salatu egingo du neoliberalismoa gure artean indarrean dela. Hots, gizartean aberastasuna modu egokiagoan banatu eta aukera berdintasuna sustatu ordez enpresen eta aberatsen alde egiten dute euskal erakundeek. Kanpaina enpresetan eta gizartean, bai EAE mailan, bai Nafarroan izango da.<p> Leire Txakartegi Batzorde Eragileko kideak azaldu zuenez, Kanpainaren baitan, 2.700 enpresatan kartel eta eskuorriak banatuko dira, urriaren 27a eta 29a bitartean eskualdeka ekitaldiak egingo dira, eta azaroaren 11n Bilbon sindikatuko ordezkariak bilduko dituen agerraldi handi bat izango da.<p>
German Kortabarriak, berriz, kanpainaren edukien berri eman zuen: ELAk salatu egiten du politikari neoliberalentzat gizarte-gastua, alegia, pobreentzat ematen dena, beti dela gehiegizkoa, eta azpiegituretakoa edo enpresen diru-laguntzetara bideratzen dena bedeinkatu egiten dutela; zerga-politika ere ez da bidezkoa, soldatapeko langile eta zeharkako zergetan oinarritzen baita; bestalde, pribatizazioak lan-harreman gero eta eskasagoak dakartza; erakundeetako arduradunak beti enpresen kide eta lagun legez agertzen dira, areago gatazka egoeretan. Horien guztien ondorioz, gizarte baitako ezberdintasuna gero eta handiagoa da.<p>
Jose Elorrietak adierazi duen legez, eredu politikoari buruz beti muturka dabiltzan alderdi politikoak gizarte-ereduan bat datoz, eta hau oso garrantzitsua da gure ikuspegitik. Izan ere, gizarte ereduan bat datozenak amaieran eredu politikoan ere adostasunera iritsiko baitira. <p>Elorrietak datu esanguratsu bat eman zuen politika neoliberalaren kaltea islatzeko: Azken urteotako superabitaren ordez defizitik gabeko aurrekontuak izan bagenitu, urtero 900 milioi euro (150.000 milioi pezeta) gizarte-gastura bidera ahal izango ziren.