ELAk euskal parlamentu-taldeei eskatzen die ezezko botoa eman diezaiotela Zapateroren errege lege-dekretuari

2010/05/26
Maiatzaren 27an bozkatu egingo dute Espainiako Kongresuan Zapateroren gobernuak joan den ostiralean onartu zuen errege lege-dekretua. Bozketa hau dela-eta, Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak sindikatuaren izenean dei egin die “euskal parlamentu-talde guztiei dekretu honen kontrako botoa eman dezaten”.

Muñozek gogoratu duenez, dekretua erabat bidegabea eta antisoziala da, izan ere murrizketen kostua pentsiodunei, familiei eta sektore publikoko langileei leporatzen baitie. Gainera, dekretuak autogobernuari eraso egiten dio, negoziazio kolektiboari edota tokiko erakundeen erabakitzeko ahalmenei dagokienez. ELAk nabarmendu nahi du krisia erabiltzen ari direla autogobernu maila are gehiago murrizteko. Jaurlaritzak eta nafar gobernuak onartu egin dute defizit publiko eta zorpetze maila Estatuak ezartzea, biak ere egungo egoeran berebiziko garrantzia duten gaiak diren arren. Atzo Senatuan egin zuen agerraldian Zapaterok argi esan zuen “estatu autonomikoaren garapena amaitutzat” jotzen duela.

Muñozen arabera, “bihar Espainiako parlamentuan eman litekeen boto bakarra ezezkoa da. Abstentzioa edo baiezkoa gauza bera da, dekretua berrestea ekarriko baitu, eta horrek hainbat ondorio ekarriko du: datorren urtean pentsioak izoztea, mendekotasun prestazioak murriztea, haurren jaiotzagatiko dirulaguntza kentzea, administrazioko soldatak murriztea, negoziazio kolektiboko hitzarmenak bazter utzita, eta euskal erakundeen jarduteko ahalmena mugatzea”.

Espainiako gobernuari dekretua aurrera ateratzeko aukera ematea (baiezko botoaren edo abstentzioaren bidez) atzerakada sozial eta politiko horien lankide izatea litzateke. Errealitate hori ezin dute ezkutatu porlanarekin zerikusia duten inbertsioek, esaterako AHTak edota Pasaiako kanpo-portuak, areago kontutan izanik ez direla batere egokiak eta ingurumenean kalte handia eragiten dutela.