ELAk ‘euskarafobia gida’ argitaratu eta salaketa txokoa jarri du martxan
ELAk ‘Euskarafobia gida’ argitaratu du, euskaldunek jasaten duten hizkuntza zapalkuntza ikusarazteko eta salatzeko helburuarekin. Gidaren bidez, lan munduan eta beste esparruetan gertatzen diren jokabide euskarafoboak identifikatu eta ulertarazi nahi dira.
Sindikatuaren arabera, Espainiar eta Frantziar estatuek, beste hainbat eragilerekin batera, euskaldunak sarritan baztertu egiten dituzte, gaztelera edo frantsesa ikastera behartuz eta hizkuntza horiek arlo askotan inposatuz. Aldi berean, euskara borondatezko eremuetara mugatzen da, eta euskaldunen hizkuntza eskubideak murriztu edo zuzenean ukatu egiten dira.
ELAren iritziz, zapalkuntza hau historikoa eta sakona da, eta beharrezkoa da horren berri ematea eta egoera horiek salatzea. Horregatik, adierazi du euskarafobiaren aurkako jarrera aktiboa hartu duela, langileen eskubide linguistikoak defendatzeko.
Ekimenaren baitan, ‘salaketa txokoa’ ere jarri dute martxan, langileek euskarafobia kasuak modu errazagoan salatu ditzaten. Tresna hau hizkuntza eskubideen urraketak jaso eta ikusarazteko baliatu nahi da.