ELAk Eusko Jaurlaritza salatu du Europako Sindikatuen Konfederakundean

2008/03/04
Europako Sindikatuen Konfederazioko Batzorde Eragileak martxoaren 4ean egin duen bileran ELAk, nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarriren bitartez, EAEko gobernuaren jokabide narritatzailea salatu du, askatasun sindikalaren funtsezko eskubidearen guztiz aurkakoa delakoan.

ELAk Foru sindikal horretan egindako salaketaren asmoa gobernuen praktika antisindikalak Europako sindikatu guztien aurrean jartzea izan da; horrela, denon artean aztertu ondoren, aurre egin ahal izango diegu. Alde horretatik, gaur goizean, Suediako Laval auziari buruz Europako Batasuneko Auzitegiaren epaia dela-eta, ESKn sortu den eztabaidan ELAk Eusko Jaurlaritzaren kasua tartekatu du. Laval-en epaiak eskubide laboral eta sindikalen gainetik merkatu-legeak, lehiarenak eta enpresak ezartzeko askatasuna jarri ditu. Epaiak legez kontrakotzat jo dituen ekintza sindikalen helburuak hurrengo hauek baino ez ziren: Suediako negoziazio kolektiboa babestea eta herrialde hartako enpresek atzerritik hara eramandako langileak Suediako hitzarmen kolektiboetatik kanpo ez uztea. Europako sindikatu guztiek azaldu dituzte beren kezkak, eskubide laboral eta sindikalen murrizketagatik Europan, eta epai horrek dakarren dumping sozialaren arriskuagatik.

 

ELAK EUSKO JAURLARITZA SALATU DU: HAREN JOKABIDEA INOIZ EZ BEZALAKOA IZAN DA-ETA.

 

ESKko sindikatuentzat kezkatzeko modukoa den egoera horretan bertan kokatu eta salatu du ELAk Eusko Jaurlaritza. Arrazoia: Arestian ELAk (eta guk dakigula, LABek eta UGTk ere bai) jakinarazpen bat jaso dugu, Lehia Babesteko Zerbitzutik (Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Sailaren menpeko administrazio-atal bat). Jakinarazpen horren bidez Zerbitzu horrek, inolako azalpenik eman gabe, datu- eta informazio-sail luze bat eskatu digute sindikatuoi. Besteak beste, sindikatuaren azken lau urteotako barne-eztabaiden informazioak, sindikatuaren aktak, egindako bilerak, ekintza sindikalak... eskatu dizkigute. Hori guztia, igande eta jai-egunetan dendak ez irekitzeko daramagun kanpaina dela-eta. Jakinarazpenean berariaz aipatzen ez bada ere, gure ustez datu-eskariaren arrazoia loturik dago igande eta jai-egunetan merkataritzako langileek jai izateko bultzatu dugun kanpainarekin.

ELAko ordezkariak erantzun die “eskaturiko datu horiek guztiak askatasun sindikalaren funtsezko eskubidearen babesean daudela, Eusko Jaurlaritzari hori bost axola bazaio ere”.

 

ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren jarrera harrigarri hori jauntxokeria bat besterik ez da izan, baina ondorio larriak dakartza:

 

  • Askatasun sindikalaren funtsezko eskubidea urratzea. Eta horrela jokatzea ez dagokio, ELAren ustez, gobernu demokratiko bati. Administrazio Publikoak funtsezko eskubideak babestu beharrean, iseka egiten die. Izan ere, Euskal Administrazioak, gaur egun, ez ditu eskubide laboral eta sindikalak batere kontuan hartzen.
  • Gobernuak bere administrazio-organoak “lehiaren eta merkatuaren arau lauso eta interesatuen menpean” jarri ditu. Eta arau gidari horiek, gainera, ahal den modurik atzerakoienean interpretatu ditu.
  • Gobernuaren asmoa sinestezina da: Sindikatuei Lehia babesteko Legea aplikatzea, eta ondorioz, legeak bere baitan dakartzan isunak —izugarri handiak—.
  • Gobernua, horrela, merkatalgune handien alde azaldu da —denda txikiak bazter batera utzita—. Eta errekurtsorik onartzen ez duen administrazio-bidetik, izapide-egintzatzat jotzen baitute, sindikatuak diziplinatu eta kikildu nahi dituzte.
  • Guk dakigula, Eusko Jaurlaritza da lehenengo administrazio publikoa sindikalismoaren aurka Lehiarena bezalako legeez baliatzen dena; ez baitira, noski, horretarako pentsatu. Guretzat beste datu bat da lehendik geneukan iritzia berresteko: gure administrazio publikoa interes ekonomikoen menpe dago.

 

Laura Gonzalez de Txabarrik Europako Sindikatuen Konfederazioan adierazi du “idazkiak, funtsagatik eta formagatik, jota harriturik utzi gaitu”. “Eusko Jaurlaritzak inkisizio-moduan jokatu du sindikatuekin, eta administrazioko antolakuntza burokratikoa merkataritzako enpresa handien esanetara jarri du. Mugarik gabeko kontsumoa eta etekinak barra-barra metatzea helburu duten enpresak zaindu nahi dituzte, eta denda txikiak estalperik gabe utzi”.

 

Laura Gonzalez de Txabarrik gogora ekarri du foru sindikal hartan “sindikatuen eginkizun nagusia merkatuan eragitea dela, eta errebindikazio-ekintzen bidez, langileek zapalkuntzarik ez izatea eta orekak bilatzea lortzea”. “Baina merkatu horretan patronala gero eta gogorragoa da, botere politikoaren babesa sentitzen duelako, eta horrela harroturik, bidegabekeria ugari egiten du”. “Ikuspuntu horretatik —esan du ELAko ordezkariak—, sindikatu baten edozein ekintza lehiaren arauen kontrakotzat jo liteke, besteak beste, merkataritzako langileei laguntzea igande eta jai-egunetan jai egin dezaten. Hori horrela ulertzea zentzugabekeria hutsa da, eta argiro adierazten digu kargu publiko horietan daudenek ez diotela beren lanari tamaina hartu”, eta hori esanez amaitu du bere hitzaldia Gonzalez de Txabarrik.

 

Gobernu demokratiko baten jokabideetan sekula ikusi gabeko egintzak dira, eta ondorioz, ELAk ekintza sindikaleko neurriak bultzatuko ditu horren aurka egiteko, eta hala adierazi die Europako Sindikatuen Konfederazioko gainerako sindikatuei.

Eusko Jaurlaritzaren textoa irakurri