ELAk Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskal Enplegu Publikoaren Lege-Proiektua erretiratzeko eskatu du

2017/11/16
Gaurko Mahai Orokorrean, Euskal Enplegu publikoko Lege egitasmoa aurkeztu du Jaurlaritzak. Testua aurreko legealdian aurkeztutakoaren kopia bat da, testu hura Mahaiko lau sindikatuotatik bakar batek ere onartu ez eta Jaurlaritzak legebiltzarreko izapidetzan proiektua erretiratu behar izan zuelarik legebiltzarreko talde bakar batek ere babestu ez zuelako.

ELAk salatzen duenez, aipatu testua, sindikatuokin inolako kontrasterik egin gabe eta aldebakarrez aurkeztu da; lan erreformako elementuak barneratzen ditu euskal administrazioetan, euskal lege baten garapenari uko egiten dio eta arlo publikoko langileek negoziazio kolektibo erreal bat izatea ekiditen du. Testu honekin euskal herritar guztiei kalitatezko zerbitzu publiko batzuk garatuko lituzken lege bat jorratzeari uko egiten dio Jaurlaritzak.

Gizarteari, sindikatuei eta langileei administrazioaren kudeaketan parte hartzeko eskaintzen zaizkien tresnak gutxienekoak dira. Jaurlaritzaren legeak, zerbitzu eta langile publikoak gobernu eta interes pribatuen menpe jartzen ditu; eta egun Euskal Administrazio Publikoen arazo nagusi diren behin behinekotasuna, pribatizazioa, azpikontratazioa, enplegu suntsiketa eta murrizketak kontsolidatzeko apustu garbia egiten du.

ELAk, defendatzen duen legea honelakoa da: bertakoa, euskalduna, independentea eta gizarte-kontrolaren menpekoa, komunitatearen oinarrizko zerbitzu unibertsalak, dohakoak, kaliatezkoak bermatzen dituena, herritarren beharrei egokitua, eta interes pribatu eta alderdikoietatik salbu dagoena.

Lege honek bermatu behar ditu lan-baldintza duinak ―mugikortasunik ezan eta independentzian oinarriturikoak―, benetako negoziazio kolektiborako eskubidea ―kanpoko eskusartzerik gabea eta alde bakarreko ezarpenik gabea―, eta EAEko esparru guztiak eraginpean hartzen dituena ―gaur egun estatu-esparrukoak direnak ere barne hartuz―. Halaber, bermatu behar du funtzio publikoan enplegatu publikoak aritzen direla; zerbitzu gehiago pribatizatzea eragotzi behar du, eta kontratatutako zerbitzuak lehengoratzea ziurtatu, enpleguari eutsiz; eta gainera lanpostu hutsak eta ordezpenak betetzea eta plantillak egonkortzea helburu izan behar du.

ELAk elkarretaratzea egin du gau Lakuan, lege egitasmo hori bertan behera uztea eskatu du bai langile publikoentzat bai euskal herritarrek jaso behar ditugun zerbitzu publikoen kalitatearentzat eragin ditzakeen kalteak ekidin asmoz; aldi berean, erabat desberdina izango den proiektu bat jorratzea eskatu du, administrazio propio eta euskaldun baten aldekoa, Euskal Herrira begira eta bertoko beharren baitan garatutakoa.