ELAk Eusko Jaurlaritzak Udal Euskaltegietan murrizketa berriak inposatu nahi dituela salatzen du

2011/07/20
Uztailaren 11an, jada udan sartuta, ikasturtea amaituta eta ikasle eta irakasle asko oporretan daudela aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzak Udal Euskaltegietan murrizketa berriak inposatu nahi dituela jakinarazi du Eudelek udaletara bidaliriko zirkular baten bidez.Honela, 2011-12 ikasturterako Udal Euskaltegietara bideraturiko finantzaketan % 9,91ko murrizketa ezartzen dela adierazten du.

Gogora arazi behar dugu iaz ere Eusko Jaurlaritzak Udal Euskaltegien finantzaketan % 13ko murrizketa egiten saiatu zela eta azkenean langile eta erabiltzaileen salaketa eta protestak medio % 2ko murrizketa inposatu zuela. Beraz 2011-12 ikasturterako egin nahi den murrizketa iazko murrizketari gehituko litzaioke eta honela, lehendik ere baliabide murritzekin ari den oinarrizko zerbitzu batek oraindik ere ikasle, langile eta bitarteko gutxiagorekin funtzionatu beharko duela.

Beste behin ere ELAk gogor salatzen du Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika eta krisiari aurre egiteko politika aurrerakoiak ez planteatzearren krisiaren pisu osoa herritarrontzat funtsezkoak diren zerbitzu, lanpostu eta langileen lan baldintzei ordain araztea.

Murrizketa hauek gainera, gure udalen eta herriaren euskalduntzean oinarrizko lana egiten duten erakunde eta baliabideetan ematen da, beste behin ere hizkuntza eskubideen eta euskararen normalkuntzaren kalterako.

Era berean sindikatu honek salagarria deritzo Eudelek hartu duen jarrera. Herritarrontzat eta bere udalerrietako biztanleentzat garrantzitsuak diren zerbitzu eta lanpostuak defendatu beharrean Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politikaren transmisore huts izatera mugatu da beste behin ere, bere kezka bakarra Udal Euskaltegien finantzaketa bere gain ez hartzea dela argi utziz.