ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio bere gain har dezala Tubacexeko enpleguari eusteko erantzukizuna

2021/02/24
Enpresak iragarritako 150 kaleratzeak erabat gaitzesten dituela jakinarazi dio Tubacexeko batzordeak Eusko Jaurlaritzari, eta, aldi berean, Tubacexen eta Aiarako eskualdearen enpleguari eta etorkizunari eusteko exijitu dio, are gehiago enpresako 4. akziodun handiena delako. Batzordeak eta Industria Sailak gaur egindako bileran, sindikatuek euren jarrera justifikatu dute; izan ere, azken urtean, 2019an, bazkideek 6 milioi euroko dibidenduak banatu zituzten, eta urtebete geroago, soldatak jaitsi eta kaleratzeak egin nahi ditu enpresak.

ELAk uste du agerian geratu dela Tubacexek Aiarako eskualdearekin eta bertako langileekin duen konpromiso nulua. Era berean, enpresak negoziatzeko borondaterik ez duela salatu du; izan ere, enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia martxoaren 10ean amaitzen den arren, zuzendaritzak hilaren 2an iraungiko den eskaintza planteatu du, eta horrek erakusten du fede txarra duela espedientea negoziatzeko orduan.

Azkenik, Tubacexeko sindikatuek erakundeen inplikazioa eskatzen dute. Bereziki, Eusko Jaurlaritzarena, hitz onak alde batera uzteko eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eskatzen baitiote.