ELAk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio greba-eskubide demokratikoa errespeta dezala

2009/05/20
Greba egitea oinarrizko eskubidea izanik, babes berezia izan behar du, eta hau aintzat har dezala eskatu dio Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak Eusko Jaurlaritzari.

Hain zuzen, Muñoak adierazi du ezin dela ulertu, ez onartu, Ertzaintzak jaso duen agindua, hots, grebaren aldeko kartelak ipini edo propaganda banatzen ari den edozein identifika araztea, grebaren prestakuntza guztiz baketsua dela jakinik.

Greba deialdiak dagoeneko oihartzun handia lortu du langileen artean; hori dela medio, inoiz baino areago bermatu behar da eskubide hau gauzatzeko aukera demokratikoa. ELAk Jaurlaritzari exijitzen dio grebaren oinarrizko eskubidea bere osotasunean errespeta dezala.

“Greba-eskubide demokratikoaren funtsezko atala da informazio-piketeak bereziki errespetatzea; Eusko Jaurlaritzak hauen eginkizuna babestu behar du”, esan du Amaia Muñoak.