ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu dio ez ditzala etxebizitzako gizarte-prestazioak murriztu
2016/05/31
2016ko urtarrilaren erdialdera Eusko Jaurlaritzak “Etxebizitza duin eta egokia legez okupatzeko aukera izateko eskubide subjektiboari buruzko dekretu-proiektua”ren zirriborroa argitaratu zuen. ELAren aburuz eskubidea mugatuta geratzen da. Gizarteko pertsonarik behartsuenen eskubideei egindako murrizketa latza eta eraso argia litzateke. ELAk elkarretaratzea egin du gaur Bilbon murrizketak salatzeko.
Onartuz gero, dekretuak beste murrizketa latz bat ekarriko du Eusko Jaurlaritzaren aldetik; baina gainera pobrezia ere areagotu egingo da kolektiborik behartsuenei egingo dielako kalterik handiena. ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio etxebizitzako dekretu-zirriborroa erretira dezala eta ez dezala Etxebizitzarako Prestazio Osagarria indargabetuko duen erabakirik hartu.