ELAk Eusko Jaurlaritzari kargu hartu dio immigrazioan erabiltzen duen diskurtso bikoitza dela-eta
ELAren ustez erabaki honek agerian uzten du Lopez gobernuak ere murrizketen aldeko politika egitea hautatu duela, jokoan osasuna bezain eskubide garrantzitsua dagoelarik ere. Halaber, beste behin nabarmen geratu da immigranteekiko konpromisorik eza.
Sindikatu honen iritziz, ez dago osasun-eskubidea ukatzeko inongo arrazoi eta argudiorik. Horregatik, Jaurlaritzaren erabakia printzipio etiko eta demokratikoak aintzat hartuz gero arbuiagarria da, gizarte-kohesioa eta solidaritaterik oinarrizkoena baztertzen baitu.
ELAk gogoratu nahi du hau ez dela immigranteek pairatu duten lehen murrizketa: Hor ditugu Heldu zerbitzuaren itxiera edota Gutxieneko Diru-Sarreraren jaitsiera; erabakiok, oinarrizko eskubideak zapuzteaz gainera gizarte-bazterketa eta estigmatizazioa dakarte.
Ezin da onartu immigranteei kalte handia eragingo dien erabakiak hartzearekin batera Lakuako gobernuak propaganda egitea, esaterako immigranteen inguruan dauden estereotipoen aurkako kanpaina medio. Horrek islatzen ditu PSEren gobernuak immigrazio politikan dituen kontraesanak; Jaurlaritza ez da bat ere sinesgarria.
Horregatik, ELAk exijitzen du 114/2012 dekretua indargabetu dezatela, pertsona hauei osasun-zerbitzua izateko giza-eskubidea ukatzen baitie, eta immigrante guztientzako integrazio politikak bultza ditzatela, beren egoera administratiboa edozein dela ere.