ELAk Legebiltzarrean azpimarratu du deskarbonizazioa ezin dela egin langile klasearen kontura, eta trantsiziorako baliabide publikoak eskatu ditu

2021/12/20
ELAk agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, EAEko deskarbonizazioa aztertzeko eta sindikatuaren proposamen alternatiboa azaltzeko. ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritzak bere politikak aldatu behar ditu gai honetan ere, eta nazioartekotzearen eta azpiegitura handien mantra bertan behera uzteko eskatu dio. Bere hitzaldian, ELAko ordezkariak azpimarratu zuen trantsizioa bidezkoa izan dadin, beharrezkoa da aberastasuna eta lana banatzea ahalbidetuko duten neurriak hartzea eta prozesu horretara baliabide publikoak bideratzea. Hala ez bada, “aurrean izango gaituzu”, aurreratu zuen.

ELAk, ekarpena eta proposamenak egiten hasi aurretik, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiak deskarbonizazioaren inguruan azken hilabeteetan jarraitzen ari diren norabideak sortutako kezka sakona azaldu du: “2020ko ekainean “Next Generations” funtsak ezagutu genituenetik, deskarbonizazioa eta trantsizio berdea etengabe aipatu dira, funtsen zati handi bat, teorian, hauekin loturiko proiektuetara bideratuko baitira. Ezaguna da ELAk funts hauen inguruan duen iritzia, baina ez dago sobera gogoratzea, gaurko gaiarekin guztiz lotuta baitaude. Europako funtsak guztiz baldintzatu egoteaz gain, proiektu handiak finantzatzeko, multinazionalek negozioa egiten jarraitzeko eta oligopolio energetikoak mantentzeko erabiliko dira, eta ez teorian bilatzen duten ekonomiaren deskarbonizazioa egi bihurtzeko.”

Tapia Legeaz dugun iritzia ere azaldu du ELAko ingurumen arduraduna den Ainhara Plazaolak “ aipatzekoak dira trantsizioaren eta goi mailako interes publikoaren izenean inposatu nahi dituzuen azpiegiturak ere. Interes sozial orokorrekoak omen diren proiektu hauek inposatzeko trikimailu legalak onartu dituzue. Orain badirudi proiektu pribatuak ere inposatuko dituzuela. Proiektu hauek gutxi batzuen interesarako dira eta zuen araua guztiz antidemokratikoa da.”

Benetako deskarbonizaziorako egin beharreko trantsizioaren bidean hartu beharreko hainbat neurri proposatu ditu ELAk, besteak beste:

  • Trantsizioa energetikoaren 3 ardatz nagusiak kontsumo energetikoa murriztea, iturri berriztagarrietan oinarritzea eta sistema energetikoaren elektrifikazioa izan behar dira.

  • Trantsizioa justua izango bada pertsonen beharrak asetzera eta energiarako sarbidea bermatzera bideratu behar da, oligopolioaren eta multinazionalen interesak alde batera utzita.

  • Energia fosilekin funtzionazen duten energia sorkuntza instalazioek edo hondakinak errez energia sortzen dutenek, ez dute tokirik eredu berri honetan.

  • Parke eoliko eta fotovoltaikoen eraikuntzan hausnarketa bat egin behar da, inpaktu sozial eta ekologiko handia dute.eta bitartean moratoria bat ezarri behar da.

  • Bultzatu behar den eredu energetikoa azpiegitura handietatik urrundu eta diseinu deszentralizatu batean oinarritu behar da. Energia berriztagarrien sorkuntza toki humanizatuetan egin behar da, esaterako industrialdeetan edo eraikinen teilatuetan. Autokontsumoak ere gero eta indar handiagoa izan behar du.

  • Debekatu egin behar da instalazio hauek lur emankorretan kokatzea, lurra baliabide urria delako. Ezinbestekoa da nekazaritzarako lurzorua babestea, eta baita basogintza iraunkorra eta elikadura burujabetza bultzatzeko politikak ere.

  • Mugikortasun eredu berri bat behar dugu, gaur egun energia fosilean oinarritzen baita. Mugikortasuna gutxitzeko lurralde antolaketako plangintzetan beste lurralde eta hiri eredu bat bultzatu beharko da, gertutasuna bilatzen duena.

  • Garraio publiko kolektiboa da bultzatu beharreko garraio eredua. Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegiturak ez dute lekurik eta zentzurik eredu honetan, trenbide sare publiko eta soziala da bultzatu beharrekoa.

  • Errepideko garraio publiko elektrikoa zabaldu behar da, batez ere herri txikienen arteko komunikazioan, pertsonen beharrei eta eskaerari erantzungo dion zerbitzua bermatu behar da.

  • Ezinbestekoa izango da ekonomia birkokatzea. Merkantzien gehiegizko mugikortasuna ekarri duten globalizazioak eta internazionalizazioak eragin ekologiko kaltegarriak ditu eta hauei aurre egiteko gertuko ekonomian oinartu beharko gara.

  • Hainbat sektore industrial, energia eta materialetan duten gehiegizko kontsumoagatik edo duten gas emisio handiengatik, redimentsionatu egin beharko dira, eta kasu batzuetan baita desagertu ere. Iraunkorrak diren sektoreak garatu behar dira: energia berriztagarriak, eraikinen birgaitzea, garraio publikoa, elikadura burujabetza, edo hondakinen kudeaketa iraunkorra esaterako.

  • Sektore batzuetan enplegua galduko da, baina beste hauetan enplegua sortzeko neurriak hartu behar dira. Industriak trantsizio ekologiko bat izan behar du, baina justua eta demokratikoa, inor kanpoan utziko ez duena.

  • Beharrezkoa izango da ekoizpen ereduaren aldaketa sakona, ekonomia zirkularrean oinarrituko dena, gertuko ekonomia lehenetsi eta birkokatuko duena. Honek globalizazioaren eta azpiegitura handien mantra haustea suposatzen du.