ELAk Eusko Legebiltzarrean errefusatu du DBSari buruzko lege-proiektua, aplikatzen ari diren 300 euroko murrizketa finkatuko lukeelako

2022/06/08
ELAk Diru-sarrerak Bermatzeko Lege Proiektua errefusatu du gaur, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian, egun aplikatzen den 300 euroko murrizketa finkatuko lukeelako. Mikel Novalek eta Janire Landaluzek hartu dute hitza sindikatuaren izenean Lege Proiektua izapidetzen ari den Eusko Legebiltzarreko Batzordean. Deitoratu dute legebiltzar-talde batek ere ez duela inolako konpromisorik hartu 2008ko legearekiko murrizketak geldiarazteko edo lege horren gainean funtsezko hobekuntzak egiteko, ez gobernuari babesa ematen dioten horiek, ezta ezkerreko taldeek ere. "Badirudi talde guztiek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek barne, Eusko Jaurlaritzak ezartzen duen eztabaida-esparrua onartzen dutela, hau da, 2008ko Legearen gaineko murrizketa gogorren egoeratik abiatzea", deitoratu du ELAk. Ildo beretik, eztabaidan gardentasunik ez dagoela salatu dute. “Badirudi presa handia dagoela gai hau ixteko. Adierazgarria da agerraldietarako lau egun baino ez dituztela finkatu, eta, ondorioz, hainbat gizarte-erakundek ezin izan dute azaldu beren jarrera Legebiltzarrean”.

Proiektuari dagokionez, Landaluzek nabarmendu du helburua argia dela: DSBEaren zenbatekoaren murrizketak finkatzea. Gaur egun, murrizketa horiek 300 eurokoak dira 2008ko legearekiko, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen bidez urtez urte urratzen ari baita. Gaineratu duenez, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria (EPO) ere kendu nahi dute bi urtetan. Aspaldi ari dira EPOa kendu nahian, haren ordez beste prestazio bat emateko, beti ere, askoz pertsona gutxiagok jasoko zutena. Hala onartu zuten 2015eko Etxebizitzaren Legean, baina ezin izan dute aurrera atera, mobilizazio sozialak gelditu zuelako.

ELAko ordezkariak nabarmendu du egungo gizarte prestazioen sistema ez litzatekeela ulertuko herrialde honetan duela zenbait hamarkadatik abian jarri den gizarte dinamika sendorik gabe. Eskubide Sozialen Kartaren Pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako HELa da horren adibide, 50.000 pertsona baino gehiagoren sinadurak bermatu zuena.

Bestalde, Novalek lege-proiektua baztertzeko eskatu die legebiltzar-taldeei, 2008ko Legea berehala aplikatzeko, murrizketarik gabe, eta gizarte-prestazioen sistema nabarmen hobetzeko benetako gizarte-eztabaida abiatzeko. “Ez gara adabakiez ari. Funtsezko hobekuntza behar da, Eskubide Sozialen Kartak bere ILPan eskatu zuen bezala. Sistemak pobrezia arriskuan dauden pertsonen %30 kanpoan uzten dituelako, eta beste %37 ez dituelako pobrezia horretatik ateratzen. Eta hori ez dio ELAk, Eusko Jaurlaritzak berak baizik, Pobreziari eta Gizarte Desberdintasunei buruzko bere azken Inkestan”, nabarmendu dute.