ELAk Eusko Legebiltzarrean izan duen agerraldian segurtasuna eskatu du obra publikoan, hala nola Donostiako Metroan

2021/10/26
Eusko Trenbide Sareak (ETS) sustatzen duen Donostiako Metro edo Topoaren lanetan lan eta segurtasun arloko arauak behin eta berriz urratzen dira. Hala salatu dute ELAko Lan Osasun eta Eraikuntza arloko ordezkariek Legebiltzarrean, Garraio, Mugikortasun eta Etxebizitza Batzordean izan duten agerraldian. Halaber, ELAk ordezkari politikoei eskatu die neurriak har ditzatela obra publikoan, lan osasuneko arauak betetzeko.

Donostiako Metroa

Hasieratik egin duen jarraipen zorrotzari esker, ELAk azken urteetan hamaika bider salatu du lan arloan, baita segurtasun eta lan osasunari dagokionez ere, arauak etengabe urratu direla Donostiako Metroko lanetan. Izan ere, sindikatuak Lan Ikuskaritzan 14 salaketa egin ditu sindikatuak, eta beste hainbat demanda zein zenbatekoen erreklamazio Lan arloko Auzitegian, honako arrazoiengatik: abusuzko eta legez kanpoko lanaldiak, lan baldintza prekario eta iruzurrezkoak, lan istripuak eta prebentzio, segurtasun nahiz lan osasuneko arauak bete ez izana. Epai eta ebazpen guztiak ELAren aldekoak izan dira; agerian geratu da obra publikoan baldintza infrahumanoak direla nagusi.

Kasurik ezagunenetakoa izan zen Donostiako Zubieta kalean Metroko lanengatik ezustean ireki zen zuloa; oso larria izanagatik ere, enpresak ez zuen ikertu zuloa eragin zuten iragazpenen jatorria, ez eta agintariei berri eman ere; areago, ez zuen prebentzio neurririk hartu tuneletan lanean ari zen jendearen segurtasuna bermatzeko.

Haatik, lan horretan istripu larriak gertatu dira, eta aurrerantzean izango dira, gaur ELAk Legebiltzarreko batzordean galdegin dituen neurriak hartu ezean.

Bermeak publikoak diren obretan

ELA ez da gaur lehenengoz izan Legebiltzarrean. Behin baino gehiagotan salatu du Eusko Jaurlaritzak ez duela ia, edo bat ere, kontrolatzen berak sustatzen dituen lanetako baldintzak. ELAren iritziz, lan osasuna ez dago gobernuaren lehentasunen artea; benetan larria da hori, kontuan izanik aurten dagoeneko 53 behargin hil direla lanean.

Horregatik, ELAko ordezkariek Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarreko alderdiei galdatu die har ditzatela taxuzko neurriak langileen eskubideak ez daitezen urratu bereak aurrekontu zein titulartasuna duten obretan. Halaber, Jaurlaritzari eskatu diote langileen bizia eta segurtasuna arriskuan jartzen duten enpresen aurka jo dezala.