Garmendia, Lopez, Zabaleta eta Dañobeitiaren atxiloketek bizi dugun une sozial eta politiko bereziarekin lotu beharra dago

2018/03/20
ELAk arbuiatu egin du Oihana Garmendia, Antton Lopez, Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia atxilotzeko erabaki politikoa, eta pertsona hauek berehala aska ditzatela exijitu du. Nabarmendu beharra dago operazio hau justifikatzeko aipatzen den ekitaldi publikoa duela lau hilabete izan zela. Horregatik, atxiloketak izan diren unea halabeharrez lotu behar da bizi dugun une sozial eta politiko bereziarekin.

 Beste behin Estatuaren botereek delako borroka antiterroristaz baliatzen dira kalean nagusi den haserrea eta mobilizazioa estaltzeko; oraingoan pentsiodunak eta mugimendu feminista asaldatu dira, eta batez ere PPren gobernuari zuzentzen dizkiote beren eskariak. Estalki antiterrorista berriz ere erabiltzen da mobilizazio herritarrak adierazten duen gatazka soziala ezkutatu nahian.

PPk gustora heltzen dio sarratsari: edozer erabiltzeko prest dago egoera politikoa eta medioetako giroa baldintzatzekotan, baina batez ere iritzi publikoan gustoko ez duen guztia estaltzekotan. Duela gutxi horixe egin du berrikus daitekeen espetxeratze iraunkorrarekin; lehenago ustelkeria kasu ugariak ahaztea nahi zuen, eta orain, ETAren amaiera hurbiltzen ari dela dioten albiste gero eta konkretuagoak.

Horrenbestez, ELAk honakoa exijitzen du:

  • 2001eko Itun Antiterrorista indargabetzea, baita hartatik etorri diren astakeria juridiko eta jokabide polizial eta judizialak ere.
  • Atxilotuak askatzea; hauek aktibista politiko guztiz legitimatuak dira; hauetako batzuk, gainera, sindikatu honen ohiko solaskide dira.
  • Gure instituzioen erantzun argi eta ausarta euskal herritarren aurka egindako bidegabekeria honi.