ELAk exijitu du Auzitegi Nazionalak gidatutako operazioan gaur atxilotu dituztenak aska ditzatela

2015/01/12
ELAk bere elkartasuna adierazi du atxilotu guztiekin, eta berehala aska ditzatela eskatu du. Halaber, hauetako batzuri ezarri zaien inkomunikazio erregimenak eragiten dion kezka ere adierazi nahi du, izan ere, egoera honek sarri tratu txar eta torturei bide eman izan baitie.

ELAk sarekada honek izan duen bultzada politikoa gaitzetsi du. Alderdi Popularrak –konta ezineko ustelkeria kasuen eta hauteskundeetarako inkesta oso txarren presiopean– espainiar iritzi publikoarentzako efektu-kolpe bat ematea erabaki du, Euskal Herriarentzako beste espiral errepresibo bati ekinez, eta iraganean politika antiterroristak eman izan dizkion etekinak lortu nahian. ELAk uste du erabaki honen erroan dagoen estatu-arrazoia dela gure herrirako konponbide agendak duen oztoporik nagusien eta handiena.

Guardia Zibilak gauzatu duen operazio hau joan den larunbatean presoen dispertsioa salatzeko izan zen manifestazio arrakastatsuarekin lotuta dago. Aurten ere iazko urtarrilean ikusi genuen logika bera errepikatzen ari da: orduan, presoen solaskideak atxilotu eta urteroko manifestazioa debekatu zuten. Oraingo operazioaren helburu argietako bat da presoekiko eta hauen senideekiko elkartasuna kriminalizatzea.

Operazio honek, bestalde, babesik eta defentsarik gabe utzi ditu hainbat herritar, beren jarduera politiko hutsa medio auziperatuta dauden 35 militante; hauen aurkako epaiketa gaur hastekoa zen. Auzi-saioa hasi baino ordu gutxi lehenago euren abokatuak atxilotzeak xede bakarra du gobernuaren aldetik, kontaminazio propagandistikoa.

ELAk bere elkartasuna adierazi du atxilotu guztiekin, eta berehala aska ditzatela eskatu du. Halaber, hauetako batzuri ezarri zaien inkomunikazio erregimenak eragiten dion kezka ere adierazi nahi du, izan ere, egoera honek sarri tratu txar eta torturei bide eman izan baitie.

Gertakariak hain larriak izanik, eta argi geratu denez estatuaren aldetik ez dela Euskal Herrirako konponbide agendarik izango, ELAk deritzo euskal erakundeek, batik bat Urkullu lehendakariak, sektore anitzak biltzeko dinamika baten aitzindari izan beharko luketeela, afirmazio demokratiko eta nazionala helburu, pertsona eta talde guztien eskubideak defenditze aldera.

ELAk bere afiliatuei dei egiten die parte har dezaten aste honetan makrooperazio hau salatu eta atxilotuen askatasuna exijitzeko izango diren mobilizazioetan.