Pertsona migratuen erregularizazioa

ELAk exijitu du inor ez dadila gelditu erregularizazio prozesutik kanpo

2026/06/03
ELAk exijitu du inor ez dadila gelditu erregularizazio prozesutik kanpo
ELAk salatu ditu traba administratiboak, profil etnikoaren araberako identifikazioak eta deportazioak gertatzen ari direla erregularizazio prozesua martxan dagoen bitartean.

Erregularizazio berezia izapidetzeko epea amaitzeko hilabete eskas falta denean, ELAk eskatu du beharrezko baliabide publiko guztiak martxan jartzea, inor ez dadin kanpo geratu oztopo administratibo edo burokratikoengatik.

Apirilaren erdialdean errege dekretua onartu zenetik, ELAk adierazi du bere bulegoetan migratzaile askori lagundu diela espedienteak osatzen eta erregularizazio prozesurako hitzorduak lortzen. Sindikatuaren arabera, denbora honetan zehar hainbat zailtasun antzeman dituzte, bereziki zaurgarritasun ziurtagiria edo jatorrizko herrialdeko aurrekari penalik ezaren ziurtagiria lortzeko garaian.

ELAk salatu duprozesu honen inguruan abusua edo negozio egiteko saiakerak egon izana, eta gogorarazi du eskatzaileek administrazioak ezarritako tasa ofizialak baino ez dituztela ordaindu behar.

Euskal Herrian oraindik gertatzen dira profil etnikoaren araberako identifikazioak. Horren adibide gisa, Donostian izandako azken kasua. ELAk adierazi duenez, erregularizazio prozesuan zeuden hainbat pertsonari dokumentazioa kendu zieten “modu erabat arbitrarioan eta beharrezkoa ez zenean”.

ELAk onartezintzat jo ditu, era berean, erregularizazio prozesua zabalik dagoen bitartean ematen ari diren kanporatze aginduak eta deportazioak.

Egoera honen aurrean, eta prozesua amaitzeko hilabete baino falta ez denean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu die presioa egin dezatela pertsona guztien erregularizazio eskubidea bermatzeko eta inor ez dadin erregularizazio prozesutik kanpo geratu.