ELAk exijitu du Lourdes Goicoechea, Nafarroako Foru-Ogasuneko burua, berehala ken dezatela kargutik
ELAk uste du Foru-Ogasuneko zuzendari ohiak Parlamentuan egin dituen salaketak oso larriak direla, eta irtenbide bakarra uzten dutela: Lourdes Goicoecheak Gobernu foralean dituen kargu guztietatik kentzea. Idoia Nievesek bere agerraldian azaldu duen presidenteordearen jokabideak ikerketa judizial bat eskatzen du, eta horrenbestez ELAk egin beharrekoak egingo ditu demanda penal bat jartzeko; demandaren xedea izango da argitzea zein erantzukizun izan duen Lourdes Goicoecheak enpresa jakin batzuri ustez emandako mesedezko tratuan.
Duela zenbait egun ELAk salatu zuen moduan, agerian geratu da herritar nafarrei baino Lourdes Goicoecheak zerbitzu gehiago eman diela enpresen aholkulari fiskalen lobbyari (izan ere, Ogasunari egin beharreko ordainketak saihesten edo murrizten laguntzen duen sektore hortatik baitator presidenteordea).
Idoia Nievesen agerraldia baino lehenago ere, ELAk adierazi zuen Lourdes Goicoechea bere karguan jarraitzeko ezgaituta geratu zela, baina orain kargutik berehala kendu behar dute. Hala ez balitz, Barcina presidentearen etorkizuna presidenteordearen zoriarekin lotuta geratuko da erabat.