TOPAKETA ANTIARRAZISTAK

ELAk exijitu du migratzaile guztien egoera erregularizatu dadila

2024/10/17
Migratzaileak erregularizatzeko Legea aurrera doa Kongresuan, ‘Regularización Ya’ kanpainak bultzatuta. ELAk lanean jarraitzen du lantokietan arraza diskriminazioari aurre egiteko.

ELA Hego Euskal Herri osoko ordezkari eta militanteekin bildu da hirugarren aldiz Gasteizen, apirilean hasitako arrazakeriaren aurkako kanpainarekin jarraitzeko, lantokietan jasaten duten diskriminazio arrazistak antzemateko eta prebenitzeko helburuarekin. Oraingo honetan, enpresetan diskriminazio mota guztien aurkako protokoloak egiteko prozesua hasi da. Funtsezko tresna da praktika diskriminatzaileak identifikatzeko eta sindikatuak horien aurka egiteko.

Era berean, ELAk bere jarrera aurkeztu du Madrilgo Diputatuen Kongresuan eztabaidatzen ari den Herri Ekimen Legegileari buruz. 2022ko abenduan 700.000 sinadura aurkeztu ziren eta prozesu horri hasiera eman zitzaion. Ekimena apirilaren 9an onartu zuen Kongresuko Osoko Bilkurak, baina tramitazioan geldituta zegoen, zuzenketak aurkezteko epeak betikotu ziren, duela bi aste desblokeatu zen arte.

Espainiako Estatuan dauden migratzaileakerregularizatzea ahalbidetuko duen arau bat behin betiko onartzeko modua zehazteko aukera ematen du orain Lege tramitazioak. Horri dagokionez, ELAk eskatzen du araua indarrean sartzen den unean lurraldean dauden migratzaile guztiak salbuespenik gabe erregularizatu beharko liratekeela, EH Bilduk, BNGk, ERCk eta Podemosek aurkeztutako zuzenketen ildotik.

Helburu nagusi gisa, ELAk Atzerritartasun Legea indargabetzea aldarrikatzen du, lege horrek pertsona migratzaileei eskubide oinarrizkoenak kentzen baitizkie, modu irregularrean, prekarioan eta bermerik gabe bizitzera eta lan egitera kondenatuz.