ELAk exijitzen du bertan behera utz ditzatela hipoteka ordaindu ezinik dauden eta etxe-kaleratzeak mehatxatutako pertsonen aurkako jardunbideak
2013/03/06
ELAren iritziz gaur goizean Bilbon gizon batek bere buruaz beste egin izana, etxetik botatzera zihoazelarik, tragedia izugarria da, eta berriro zer pentsa eman beharko lieke Euskal Herriko milaka herritarrek bizi duten drama honekiko ardura dutenei.
ELAk exijitzen du bertan behera utz ditzatela hipoteka ordaindu ezinik dauden eta etxe-kaleratzeak mehatxatutako pertsonen aurkako jardunbideak, eta honez gero egin diren prozedurak berrikus daitezela. Gainera, sindikatuak berriro aldarrikatu nahi du etxebizitza duina izateko eskubidea, are gehiago milaka eta milaka langilek enplegua galdu duten larrialdi sozialeko une honetan.
ELAk dei egiten du gaur iluntzeko 8retan Bilbon izango den bilkuran parte hartzera, hildakoaren senideei elkartasuna adierazteko eta etxe-kaleratzeen ondorioz milaka herritarrek bizi duten egoera latza salatzeko.