GIPUZKOAKO BIDAIARIEN GARRAIOA

ELAk ez dio babesik emango atzerapausoak dituen hitzarmenari

2023/12/19
Patronalaren azken proposamena onartzeak jardunaldiaren bueltan eman beharreko eztabaidarako aukera galtzea lekarke, baita gainerako lan baldintzen benetako hobekuntzak negoziatzeko aukera galtzea ere

Gipuzkoako Bidaiarien Garraioko hitzarmena berritzeko azken bileran, patronala sinadura egongo zelakoan agertu da, baina UGT izan da sinaduraren alde agertu den bakarra, eta beraz, gutxiengoa. Hala izanik, gaur gaurkoz hitzarmenak akordiorik gabe darrai eta ELAk argi dauka orain dela momentua sektorea aktibatu eta mobilizazioetara jotzeko.
Patronalak helarazitako azken proposamena sektoreko ordezkariekin sakonki aztertzeko aukera izan dugu ELAn eta ondorioz, esan dezakegu ugariak direla akordioa ez sinatzeko arrazoiak:
• Egia bada ere parametro ekonomikoetan KPI bermatzen duten urteko igoerak planteatzen direla, igoera hauek ez dira urtero kontzeptu guztietan aplikatzen, adibidez dietetan, eta beraz, langile batzuen erosahalmenean galera garrantzitsua eman daiteke urtez urte.
• Gainera, dieta batzuk jasotzeko irizpideak ere murriztu egiten dira, egungo eskubideetan murrizketa bat ematen delarik.
• Santzioetan zigorren gogortze bat ematen da.
• Kategoria berri bat inkorporatzen da. Horren bitartez enpresari aukera ematen zaion merkeago kontratatzeko, eta beraz, lan berdina egiten duten langileen arteko soldata arrakala sortzeko.
• Aldizkako garraiolarien asteburuko librantza egunak erabakitzeko aukera oso murritzak jasotzen dira.
• Eta batez ere, datorren urterako 1.787 orduko urteko jardunaldia ontzat ematen da eta 2025erako 1777koa. Guztiz onartezina da.
ELAri ezinbestekoa iruditzen zaio jardunaldiaren inguruko gogoeta erdigunera ekartzea. Hasieratik negoziaketen jomugan izan duen gaia izan da, izan ere gaur gaurkoz Gipuzkoan dauden hitzarmenen artean jardunaldi handienetakoa jasotzen duen sektoreaz ari gara. Gainera Bizkaiko langileekin alderatuta ere, jardunaldia zinez handiagoa mantentzen da Gipuzkoan.
Onartezina da gai honen bueltan patronalak izan duen jarrera eta planteatutako betoa. Egun gizartean pil pilean dagoen jardunaldiaren inguruko eztabaida guztiz alboratuta utzi eta ekarritako planteamendua errealitatetik kanpo dago. ELAk uste du 1.592 orduak foko bezala hartuta aurrera pausoak eman daitezkeela, baina argi ikusi da patronalaren aldetik ez dagoela inolako borondaterik langileen lan eta bizi baldintzetan benetako hobekuntzak jasotzeko.
Guztiarekin, ELA-k ez du patronalaren azken testua ontzat ematen, eta ondorioz beste bilera baterako data zehazteaz gainera sektoreko ordezkari eta langileekin bilkurak egingo ditu mobilizazio aukerak aztertu eta gainerako sindikatuei ere planteamendu proposamenak helarazteko.