ELAk ez ditu onartuko Gasteizko Clinica Alavako 70 kaleratzeak

2012/04/19
Oraindik orain hasi den konkurtso-prozesuaren barruan, enpresak Clinica Alavako plantillaren gutxi gorabeherako bi herenen kontratuak deuseztatzeko aurkeztu duen proposamena ez du onartu ELAk.

 

ORMEVI (Clínica Álava)ko kaleratzearen aurka honako arrazoiak daude:

1.- Langileen ordezkarien helburua bikoitza da. Batetik, enpresa-proiektuaren iraunkortasunaren aldekoa; eta bestetik, plantillaren lanpostuen eta lan-baldintzen aldekoa. Dena dela, gure ustez klinikaren egoerak bi asmo horiek uztartzeko aukera ematen digu.

2.- Enpresaren egoera ekonomikoa zail samarra izan da aspalditxotik, batez ere, zuzendarien kudeaketa ezin txarragoagatik. Aipatu beharrekoa da, baita ere, oraingo egoeraren arrazoi nagusia jabe berrien erabaki estrategikoa, beren kabuz hartutakoa, Arabako Foru Aldundiarekin indarrean zegoen kontratua ez berritzeko. Izan ere, klinikaren okupazio osoaren bi herenak kontratu horretatik zetozen; eta orain negozioaren norabidea zainketa aringarriak delako arlorantz eraman dute, errentagarriagoa delakoan.

3.- Jabe berriek, konkurtso-prozesu baten ostean, hartu dute enpresaren gobernua; horregatik, enpresaren diru- eta antolamendu-egoeraren berri bazekiten hasieratik, eta orain hartu dituzten erabakiak ezin dira ulertu, ez badira, behintzat, egiturazkoak, estrategikoak eta aurreikusitakoak.

4.- Enpresak berak baieztatu du bilera guztietan proiektuaren iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duela, eta ekitaldi hau amaitu baino lehen konkurtsoa amaitzeko asmoa duela. Halaber, klinikan egiten ari diren obra integralak, hasiera batean 2 urteko gauzatze-epea zutenak, urtebete bakar batean burutuko direla iragarri dute, klinika lehenbailehen okupatu ahal izateko berriro.

5.- Bestalde, antolamendu-arrazoiak zirela-eta kaleratu zituzten bi langileak berriz onartu ditu enpresak azken hilabetean. Eta bi proposamen luzatu dizkio Enpresa Batzordeari, enplegua aldi baterako eteteko espediente bat aplikatzeko.

6.- Testuinguru horretan, aldi baterako neurriak baino ez dira onargarriak, eta alderdi honi onartezina iruditzen zaio enpresaren azken proposamena, soldatak jaisteko eta kontratuak amaitzeko espedientearena. Hori dela-eta, tankera horretako neurriei aurre egingo diegu aho batez ordezkari sindikalok, eta gure esku dauden ekimen sindikal eta juridiko guztiak bultzatuko ditugu premiabidez.

7.- Azkenik, sindikatuok egin dugun proposamena, Enplegu Erregulazioko Aldi baterako Espediente bat hastearena, berresten dugu. Horren bidez plantilla osoa txandakatuko litzateke modu homogeneo batean, eta klinikaren okupazioa berreskuratzen den heinean lanpostuak ere arian-arian berreskuratuko lirateke. Eta hori dena egingo litzateke, hitzarmenetik aplikagarriak diren lan-baldintzak gordez, eta enpresa utzi nahi duten langileen borondatea errespetatuz. Azken horien kasuan, EEE aurkeztu baino lehen joan ahal izango dira, kaleratze adostuen bidez.

Aste honetan zehar akordio onargarriak egiteko asmoz enpresako zuzendaritzarekin egin ditzakegun bileren zain gaudela, eta NO A LOS DESPIDOS – DESPIDORIK EZ goiburua dugula, Enpresa Batzordeak eta ordezkaritza dugun sindikatuok dei egiten diegu langileei elkarretaratze bat egiteko ostegunean, apirilak 19, 14:15etatik 15:15ak arte, klinikaren sarrerako harmailetan.