ELAk ez du amore emango Faureciaren etorkizunaren aldeko borrokan

2015/03/17
Multinazionalak lantegia ixtea erabaki duenetik ELA koherentea izan da. Gure egin genuen "Faurecia ez da itxiko" mezua, eta industri-proiektua mantentzearen aldeko borroka izan da gure helburu nagusia. Ezin da ukatu onartu den akordioak lantegia mailaka desegitea ekarriko duela; izan ere, hasieratik hori baitzen multinazionalaren asmoa. Deslekutze ezin argiagoa gertatuko da hemen.

Atzoko batzarraren emaitza ezagututa, CCOOek eta UGTk sinatutako aurreakordioa berretsi delarik, ICF ixteko akordioa dela eta ELAk bere posizioaren berri eman nahi du:

- Zorionak eman nahi dizkie beren lanpostuaren alde borrokatu diren langileei. Grebarik eta mobilizazio sozialik gabe, emaitza are okerragoa izango zatekeen. Langile-klase nafarrak berriro agerian utzi du bere solidaritatea 189 familiaren etorkizuna zalantzan jarri duen eraso patronal baten aurrean.

- Multinazionalak lantegia ixtea erabaki duenetik ELA koherentea izan da. Gure egin genuen "Faurecia ez da itxiko" mezua, eta industri-proiektua mantentzearen aldeko borroka izan da gure helburu nagusia. Ezin da ukatu onartu den akordioak lantegia mailaka desegitea ekarriko duela; izan ere, hasieratik hori baitzen multinazionalaren asmoa. Deslekutze ezin argiagoa gertatuko da hemen.

- Akordioak aurreikusten du ICF eraitsi egingo dela, kaleratzeak 2015eko apirilean hasiko direla (zehazki 63), eta produkzioko makinak saldu egingo dituztela. Hau arrakasta bailitzan saldu nahi izatea gizarte nafarra engainatu nahi izatea da.

- Langileek jasango duten %8ko soldata jaitsiera kapitalismo basatiaren beste astindu latz bat da, eta ezin da onartu. Gogoratu beharra dago Lear taldeak 700 milioitik gorako etekinak lortu dituela, eta Faureciak, 200dik gora azken ekitaldian. Enpresa hauen helburua langilea esplotatzea da, kaleratzeko bezperaraino.

- Nabarmendu nahi dugu, gainera, Nafarroako Gobernuak ez digula inolako babesik eman. Nafar langileak kaleratzen dituenen alde jartzen da. Balizko industri-proiektuak baztertzen ditu. Goicoechea anderea desindustrializazio sailaren buru da.

- ELAk zoriondu nahi ditu ICFko bere ordezkariak. Duintasunaren eredu izan dira. Koherentziaz egin dute borroka, eta plantillak erabaki zuena defenditu dute: ICFren itxierari aurre egitea.

- Azkenik, ELAk ez du amore emango itxiera hau dela eta. Etekinak ematen dituen eta langile bikainak dituen enpresa baten jarraipenaren alde borrokan jarraituko du sindikatu honek.