ELAk ez du VW Navarra-k aurkeztutako erregulazio espedientea onartzen enpresak bere etekinei eutsi nahi dielako langile eta diru publikoaren kontura

2018/08/28
Multinazionalak ez du neurri hori justifikatzeko arrazoirik aurkeztu; bere plangintzaren akatsari aurre egin diezaioke urtero lortzen dituen etekinekin.

ELAk ez du onartzen VW Navarra-k bere langile guztientzat aurkeztutako lan erregulazio espedientea (EEE), bere hornidura-plangintzaren akatsari aurre egin nahi diolako langileen soldata eta diru publikoa erabiliz.

VW Navarra-k ekoizpena zortzi egunez gelditu nahi du, baina aldi berean, aparteko orduak gora doaz eta behin-behineko kontratazioa betikotzen ari da. Azken finean, EEE indarrean jartzea ez dator bat aurreneko baldintzekin, kontrajarria delako. Gainera, horrelako neurri traumatikoak ez daude justifikaturik. Arrazoi horiekin EEE onartzea larria da eta aurrekari oso arriskutsua izan daiteke etorkizunari begira, soldatak %100ean bermatuak baleude ere. Gauzak horrela, ELAk Lan Ikuskaritzara jotzeko asmoa du EEE honen inpugnazioaren prozesuari hasiera emateko.

VW Navarra-k ez du formalki EEE justifikatu. Ez du azaldu zergatik sartzen dituen langile guztiak, balizko arrazoien (ekoizpen-katearen hornitzeko arazoak) ondorioak pairatzen ez dituzten pertsonak barne. Gehiegizko neurria da, ezbairik gabe. Azken finean, VW Navarra-k langile guztien zortzi eguneko soldata aurreztu nahi du, diru publikoaren kontura (1,5 milioi, gutxi gorabehera). Bere helburu bakarra etekin pribatuei eustea da (iaz, 55,9 milioikoak, 10 eguneko itxiera ordaindu bazituen ere).

ELAk ez du uste EEE beharrezkoa denik, beste alternatibak badaudelako. Are gehiago, egoera honetan EEE aplikatu nahi duen lantegi bakarra VW Navarra da (Seat-Martorellen, adibidez, lan jardunaldi bereziak eta asteburuak bertan behera geratuko dira).

Landaben, jardunaldi hauek formazioa emateko edo balio-aniztasunak sortzeko (T-Cross ekoitzeari begira) erabil daitezke. Bestetik, ekoizpenaren erritmoa moteldu daiteke (txandak edo larunbatak kentzea...), hornidura eta ekoizpen-katea guztiz egokitu arte. Neurri hauek ezartzeak EEE saihestea ekarriko luke.

Beste aldetik, EEE honen aplikazioak behin-behineko langileei kalte handia eragingo die (kontratuaren amaieran, langabeziaren ordainsaria kobratzeko eskubidea galduko lukete askok). Beraz, langile hauek EEEtik kanpo egon beharko lukete. Gainera, EEE honek neurri traumatikoak sortuko dizkie Landabengo enpresa hornitzaileen langile askori.