Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintzako sektorea
ELAk ez du hitzarmena sinatu ez delako bere aplikazioa bermatzen

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek aurreakordio bat sinatu dute 2023, 2024 eta 2025. urteetarako Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintzako sektore-hitzarmenerako. Zenbait alderdi positibo kontuan hartzen baditu ere, honen edukia ez da nahikoa, hainbat arrazoi direla medio.
Alde batetik, arlo ekonomikoan, hitzarmenaren indarraldia amaitzean galdutako erosahalmena berreskuratuko da, baina kontuan izan behar da sektorearen orokortasunak 1.200 euro gordinetik beherako soldatak jasotzen zituela, eta aurreikusitako igoerak gorabehera, ELAk (eta baita LABek ere) gutxienez eskatzen dituzten 1.400 euro gordinetatik urrun jarraituko dute.
Bestalde, "peoi biltzailearen" kategoria dagoen bezala mantentzen da, Lagilearteko Gutxieneko Soldataren antzeko soldatarekin. Kategoria guztiz prekarioa da, hitzarmenetik desagertu beharko litzatekeena, eta soldata eskala bikoitza dakar aldi baterako kontratatuta dauden langileentzat.
Lan osasunaren arloan, muturreko beroaren aurkako protokoloa irekita geratzen da ondoren batzorde baten bidez negoziatzeko. Oraingoz, Estatuko akordioa erabiltzen jarraituko da. Akordio horrek, funtsean, enpresak arrisku handiko egoeretan jarduera murriztera eta/edo geldiaraztera behartzeko benetako gaitasunik ez duten gomendioak jasotzen ditu.
Aplikazio bermeei dagokienez, ELAk negoziazioan zehar eskatu izan dituen funtsezko bi gai ez dira sartu. Alde batetik, hitzarmenak ez du jasotzen enpresei hitzarmen hau alde bakarrez ez aplikatzea eragozten dien klausularik. Hau da, hitzarmenak bidea irekia uzten die enpresei 2011ko eta 2012ko lan-erreformek ezarri zuten legeriaz baliatzeko hitzarmen ez aplikatzeko.
Bestalde, sektoreko estatu mailako hitzarmen baten aurrean Nafarroako hitzarmen honek lehentasuna izan dezan klausularik ez da sartu. Estatu mailako hitzarmenaren negoziazioak urtarrilean bertan hasi dira berriro, hilabete batzuk geldirik egon ondoren. Esperientziak erakutsia digu estatu mailako hitzarmen hori sinatzen bada, Nafarroan sektorean lan egiten dutenen baldintzak nabarmen okertuko direla.
ELAren ustez, lan baldintzen defentsa ezin da soilik soldatan edo lanaldian oinarritu, baldintza horien blindatzea alde batera utzita. Horregatik guztiagatik, ELAk ez du sinatuko Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintzako hitzarmena.