ELAk ez du hobekuntzarik ikusten Bizkaiko Metalean Jaurlaritzaren bitartekaritzaren ondoren

2023/02/01
ELAk gogorarazten du eduki ia berdinekin orain dela bi hilabete beste sindikatuak grebaren alde zeudela. Orain, aldiz, sinatzeko prest daude, eszenifikazioa aldatuta.

ELAk berresten du Bizkaiko Metalaren hitzarmenaren azken eskaintza eskasa dela eta soldatetan zein beste ataletan ez dela nahikoa. Orain dela 2 hilabete zeuden eduki ia berdinak daude oraingo eskaintzan. Orduan CCOOk, LABek eta UGTk grebaren alde egin zuten, eta orain sinadura defendatzen dute. Edukiak ez dira aldatu: eszenifikazioa da aldatu den elementu bakarra, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza medio.

ELAk azpimarratu nahi du beste sindikatuen sinatzeko prestutasuna euren negoziazio kolektiboaren ezintasunaren ondorio dela, ez dirudielako benetako akordiorik itxiko denik: soldatetan ziurgabetasun juridikoa dago, gutxieneko bermearen testu berririk adostu ez dutelako. Arazo hori gertatu zen 2019ko aurreakordioarekin, arlo asko ez zituelako behar bezala zehaztuta, eta hainbat gai epaitegietaraino iritsi dira, 2021. urteko soldata igoera barne.

Beste hainbat oinarrizko arlo ere falta dira proposaemenean (lanaldi murrizketa, ABLEen kontrola...). Gainera, Rajoyren erreformak hitzarmenean jarraitzen du, eta enpresek soldata igoerak saihesteko arbitraje bat inposatu ahal izango dute.

Bestetik, CCOOk, LABek eta UGTk Eusko Jaurlaritza legitimatu dute bere bitartekaritza eskatuta: Eusko Jaurlaritzak negoziazio osoan zehar patronalaren posizioak babestu ditu. Langile protestak ordena publikoaren aurkako eraso gisa ulertu ditu, eta Ertzaintza bidali du langileen aurka. Arantza Tapiak abenduan eskatu zuen greba mugagabera ez joatea, eta orain hiru sindikatu horiek Jaurlaritza akordioaren artifize bihurtu dute. Oparia izan da EAJrentzat eta PSErentzat (mediazioaren Departamendua PSEkoa da).

Dena den, ELAk azpimarratu nahi du adostuko diren hobekuntza guztiak, nahikoak ez diren arren, mobilizazioei eta grebei esker izan direla. ELAk asanblada ugari egin ditu negoziazio prozesu honetan; FVEMen azken proposamena aztertuta, edukiak nahikoak ez zirela ondorioztatu zuten langileek. Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzaren edukiei buruzko ELAren militanteon erabakia datorren astearteko asanbladan hartuko da.