ELAk ez du inolako murrizketarik onartuko itunpeko ikastetxeetako langileen soldatetan

2010/09/15
Indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa oso-osorik betetzeko eskatzen dugu, Administrazioak ikastetxeei murrizketak ezartzen badizkie ere.

ELAk behin eta berriro adierazi du Aurrekontuak Aldatzeko Legearen aurka dagoela, aberatsei ezartzera ausartu ez diren murrizketak aurrekontuen menpeko langile-jendeari ezarri baitizkiote. 

Itunpeko sareko soldatetan egin nahi dituzten murrizketak onartezinak dira, eta negoziazio kolektiboaren aurkako erasoa. 

Administrazioak langileen ordezkariekin sinaturik dituen akordio guztiak hautsi ditu, eta orain itunpeko ikastetxeetako patronalek ere hori bera egitea nahi du, nahiz eta hitzarmenak betetzera beharturik egon. 

Itunpeko sareko langileen soldatak arautzen dituen hitzarmena ez da berritu 2010. urtean; hori dela-eta, nominak 2008ko, eta batzuetan 2007ko, mailetara atzeratu nahi dituzte. Argi dago horrek zenbateko kaltea eragiten dion kidegoaren eros ahalmenari. 

ELAk aurre egingo die arduradun arduragabeei, baina egin daitezkeen egintzak eta mobilizazioak aparte utzita, eta kasuan kasuko errekurtsoak eta gatazka kolektiboak  jartzeaz gain, adore ematen die langileei nork bere erreklamazioa aurkez dezan, nominatik deskonturik egiten hasi bezain laster.