ELAk ez du onartzen, Eusko Jaurlaritzak Lanbiderako “aurreakordio” gisa aurkeztu duen agiria

2015/07/07
Jaurlaritzak Alorreko Mahaiaren bilera deitu du ostegunerako, uztailak 9 , “aurreakordioa” berresteko asmoz. ELAren ustez, ez dakar inongo zehaztasunik, ez eta konponbide egokirik Lanbideko langileen arazo gehienetarako.

ELAren ustez, Toña Kontseilariak abiarazitako Lantalde Teknikoaren emaitzak etsigarriak dira oso.
Lantaldea birritan bildu da, azkenengoz ekainaren 2an, eta agerikoak izan dira Jaurlaritzaren proposamenaren eta sindikatuok eramandako langileen aldarrikapenen arteko aldea.

Azalpenik gabeko hilabeteko atzerapenaren ondotik, joan den astean Jaurlaritzak goiburutzat “aurreakordioa” daukan testua helarazi zigun.
ELAren ustez, ez dakar inongo zehaztasunik, ez eta konponbide egokirik Lanbideko langileen arazo gehienetarako.

Aipatutako “aurreakordioak” (ez baitakigu norekin izan den adostua, edo Jaurlaritzak nahita aukeratutako terminoa ote den), honakoak dakarzkigu:

• Soilik soldaten auziari erantzuten dio, partez, eta soldata-eskala bikoitza eraginez, sindikalki onartezina dena.


• Hiru maila ezberdinetako (administratzaileak, orientatzaileak eta teknikariak) 190 langile kaleratzea ahalbidetzen du. Ez du ezer zehazten epai bidezko mugagabeko langileen egonkortzeaz. Ez du ezer proposatzen Lanbideko langile guztiek lanpostu hutsetara aurkezteko aukera izan dezaten. Ez ditu tokian Tokiko bulegoetako lanpostuak gehitzen …

Horregatik guztiagatik, ELAk ezezko biribila ematen dio “aurreakordio” honi.

Hortaz, osteguneko bileran, ELAk Lanbiderako berariazko Lan Enplegu bat egin dezan exijituko dio Jaurlaritzari, langileen eskariei erantzuteko, soldatak bermatuz soldata-eskala bikoitzak ekidinez, langilerik kaleratu gabe eta lanpostuetarako atxikipen prozesu negoziatu bat Lanbideko lanpostu hutsetara langileen behin betiko atxikipena ahalbidetzeko (kategoria guztietan eta funtzionario nahiz lan legepeko izan) eta tokian Tokiko bulegoetan lanpostu nahikoak ezarriko dituena, kalitatezko zerbitzu bat bermatu ahal izateko.

ELAk, LANBIDEko delegatuen elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako Lakuan, proposamen honen aurka, eta mobilizazioei helduko die.