ELAk ez du onartzen Kutxabanken enplegua amortizatzerik

2015/10/29
Gaur Kutxabanken izan den bileran ELAk berriro salatu du erakundeak ezarri nahi duen lanpostuak amortizatzeko plana. Aurrez ere Kutxabankeko arduradun batek esan zuen plana sindikatuen adostasuna izan ala ez aurrera eramango dutela.

ELAk enplegua jarri nahi du eztabaidaren erdigunean. Kutxabanken lanpostu ugari ari dira galtzen: 1.098 enplegu zuzen suntsitu dira azken lau urteetan, eta hauei gehitu beharko zaizkie orain aurkeztu den planaren ondorioz gertatzen diren amortizazioak.

Erakundeak datozen urteetan esternalizatzeko plan bat burutu nahi du, eta zerbitzuak azpikontratatzeko joera areagotu. Plan honekin enplegu zuzen gehiago galdu eta lan-baldintzak gehiago prekarizatuko dira.

Gainera, sindikatu honek salatu duenez, Kutxabanken 170 bat lagun aldi baterako kontratu prekario bidez ari da lanean. Prozesu honetan ezinbestekoa da arazoari heldu eta konpontzea. ELAk galdegiten du kontratu hauek mugagabe egin behar direla eta lanpostuak finkatu.

Gaur Kutxabanken hasi nahi den prozesua Euskaltelen gertatu denaren oso antzekoa da: Telekomunikazio konpainian murrizketak eta enplegu suntsipena ezarri ziren etekina maximizatzeko. Oraingo honetan ezagutzeke datu bakarra dago, operazioa egiten dutenek jasoko dituzten bonusak zenbatekoak izango diren.