Osakidetzako garbikuntza

ELAk ez du ontzat ematen LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek enpresekin lortutako aurreakordioa

2023/07/03
LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek Osakidetza eta enpresen murrizketak onartu dituzte borrokari eutsi beharrean.

Osakidetzako garbikuntzako sindikatu guztiak eta enpresak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin bildu ziren ekainaren 26an. Bilera LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen eta patronalaren arteko aurreakordio akta batekin amaitu zen. Bertan, sinatzaileek karrera profesionalaren 3 urte ordaintzea adostu zuten (2021, 2022 eta 2023), eta akordiotik kanpo utzi zituzten oraindik ordaindu gabe dauden beste hiru urteak (2012, 2019 eta 2020), eta karreraren etorkizuna Osakidetzako langileentzako hurrengo deialdiekin lotu zuten.

ELAk ez du murrizketarik onartuko, eta inkoherentea iruditzen zaio gatazka osoan homologazioa defendatu duten sindikatuek hiru urteko murrizketa onartzea, horrela Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileentzako baldintza okerragoak betikotuz.

Hala ere, badirudi orain ezin dela aurreakordioa gauzatu, Osakidetzak ez baitio erantzun bat ematen. Beraz, ELAk argi du borrokan eta mobilizazioekin jarraituko duela Osakidetzak erantzun bat eman arte.

Era berean, uste du gainerako sindikatuek aurreakordioa sinatzea posible izan dela mobilizazioari eta otsailaren 27an ELA sindikatuak deitutako grebarekin hasitako borrokari esker.