Basque Segurtasun Foroa
ELAk ez du parte hartuko eskuin muturraren marko punitibista elikatzen duela iritzita

Eusko Jaurlaritzak gaur Basque Segurtasun Foroaren lehen bilera antolatu du. ELAk bertan parte ez hartzea erabaki du, “foro horrek eskuin muturrak segurtasun gabeziari buruz zabaldu duen pertzepzio soziala elikatzen duela eta gizartearen sektore zaurgarrienak kriminalizatzen dituela” iritzita.
“Lehendakariak berak erabilitako esaldiak, `Egiten duenak ordaindu dezala´, elkarbizitza arazoen ikuspegi punitibista hutsa erakusten du eta aipatutako eskuin muturraren marko ideologikoa bultzatzen du. Are gehiago, aipatutako esaldi horrek mendekuaren apologia egiten du eta gizartean izan daitezkeen elkarbizitza arazoei aurre egiteko erantzun inkontrolatuak sustatu ditzake”, kexu da sindikatua.
Segurtasun gabeziari aurre egiteko, elkarbizitza arazoak eragiten dituzten baldintza materialak aztertzeak izan behar du lehentasuna, ELAren ustez. Horregatik, bere iritziz, arreta jarri behar da ezberdintasun sozialetan, pobrezian, eskola segregazioan, lan baldintza okerretan, osasun zerbitzuen narriatzean, etxebizitza politiketan edo prestazio sozialen sisteman. Elkarbizitza arazoak beti izango dira, eta berauek kontrolatzeko neurriak hartu beharra egongo da ezinbestean. Erantzun hauek eraginkorrak izateko lan egin beharko da beti, baina gizartearen parte baten bizi-baldintza materialak hobetu ezean jarrera punitibista, bidegabea izateaz gain, ez da batere eraginkorra izango. Eusko Jaurlaritzak publiko egindako eztabaidagaien artean aurrekoak ez dira azaltzen, eta Forora gonbidatutako adituek ere ez diete profil sozial horri erantzuten, dio ELAk.
Era berean, segurtasun gabezia egoeren ikuspegi neoliberala azaldu du Eusko Jaurlaritzak, sindikatuaren esanetan. Izan ere, landu beharreko gaien artean ez daude boteredunek eragiten dituzten delituak, hala nola zerga iruzurrak, langileen heriotzak edo enpresen legez kontrako administrazioak.
ELAk gogora ekarri nahi du EAEn iaz Ertzaintzak dolozko 8 giza hilketa ikertu zituela. 2024an EAEn 42 hildako izan ziren lan istripuen ondorioz eta beste ehunka langile hil ziren estatistika ofizialek jaso gabe gaixotasun profesionalek eraginda. “Horietako heriotza asko ekidin zitezkeen enpresariek gutxieneko prebentzio neurriak hartu izan balituzte”, dio ELAk.
Era berean, 2024an baja eragin zuten 38.439 lan-istripu izan ziren; lesio delituak, berriz, 9.066 izan ziren. ELAk lan istripuei aurre egiteko unitate baten sorrera eskatu dio jadanik Segurtasun Sailari, ikuskari faltak eragiten duen inpunitatearekin amaitu ahal izateko, baina horrek ez du espaziorik izan Lehendakariaren deialdian.
Segurtasun gabezia zer den definitzerakoan marko ideologikoak sortzen direla salatu du ELAk. “Enpresariak delitugileak direnean ez da kezka politikorik azaltzen, ezta larritasuna erakusteko Foro bereizirik sortzen ere. Kriminalak enpresariak direnean lehendakariak ere ez du esaten “egiten duenak ordain dezala”, objektiboki segurtasun gabezia kausa nagusia enpresari horiek sortu arren”.
ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritza azken urtean erakutsi du sakoneko arazoei heldu beharrean propaganda ariketak egiten dituela.
“Elkarrizketa Soziala ezer ez aldatzeko koartada moduan erabiltzen du, gizartearen aurrean kezka plantak egin arren. Hala egin du aurreko astean porrot egin zuen Osasun Itunarekin, eta hala ari da planteatzen orain Basque Segurtasun Foro berri honekin ere”, kexu da.